Bi ikusmolde desberdin...

Zarrakamalda / Iñaki Martiarena. Txalaparta, 2016. (euskaraz)

Autobusa berriro bera gabe abiatu zen egunekoa / BéKa, Marko Armspach. Harriet2016.  (euskaraz)

Le jour où le bus est reparti sans elle/ BéKa, Marko Armspach. Bamboo 2015.  (frantsesez)

Noiztenka irakurgai batzuk elkarretaratzen dira. Hala gertatzen da berriki atera diren bi euskarazko komiki horientzat: Iñaki Martiarena “Mattin” idazlearen Zarrakamalda eta Markok marraztu duen Autobusa berriro bera gabe abiatu zen egunekoa, frantsesetik itzulia. Alde batetik elkartzen dira eta bestetik elkarren kontra egiten dute. Ilusiorik gabeko XXI. mendearen isla dira. Biek pertsonaia nagusi bertsua dute: hiritar gazte bat, ezkongabea, naturarekin deslotua, biziari zentzu bat xerkatzen duena. Baina antzekotasunak hor bururatzen dira.

Zarrakamalda liburuan krisiak bortizki zapaldu duen Hego Euskal Herriko hiri baten mundu ilunean sartzen gara. Negua da eta euria ari du. “Euskal Herriko tristura, soineko beltzen joskura, txori negartiz bete da...[1] Lokatza protagonista langabezian da, eta gainera amodiozko harremanak zail zaizkio: emazteak ezin ditu hurbildu, ez eta ulertu, eta zikiratzaile gisa ikusten ditu. Irudiak marra lodiz marraztuak dira, zuri eta beltzez, eta horrek heroiak bizi duen giro depresibo eta pisua ongi adierazten du. Bere buruaz arduratzeko, zarrakamaldabat erosiko du, laparren kentzeko tresna bat. Arma horrekin, industriagune alfer utzi bat baratze bihurtuko du eta bere bakartasuna urratuko. Jendarteak berriz harrapatzen duen arte...

BeKa marrazkilari bikoteak egin duen Autobusa berriro bera gabe abiatu zen egunekoa komikiaren giroa arras desberdina da. Markok grafismo zehatz eta biribila du eta Maëla Cossonek koloreak artaz ezarri ditu; biek mundu argi eta estetikoa marraztu dute. Baina mundu hori hutsa dela iduritzen zaio Clémentine heroiari: paristar “bobo” hutsa da, eta egiazko arrazoirik gabe, badaki bere bizitza huts egiten ari dela. Komiki horretan, gogo onez josiak diren ipuinak zaizkigu kontatuak, topaketa desinteresatuak, eta apairu sotilak leku ederretan. Gidoiak “zen” filosofia agerian ematen du.

Feel-good[2] komiki bat dugu hau arras, kordokarazten duen Zarrakamaldaren aitzinean. Bi kultura desberdin, bi ikusmolde desberdin, baina biek ere hunkitzen dutena...

 Elise Dilet – Ikas pedagogia zerbitzua

Où trouver ces ouvrages ?

Zarrakamalda

Autobusa berriro bera gabe abiatu zen egunekoa

 

[1] Imanolen «Mendian gora haritza» kantutik

[2]« feel-good movies » filmak modan dira gaur egun: ongi sentitzen laguntzen duten filmak dira, morala altxatzen dutenak...

 

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu