Sü azia, 2020 (euskaraz)

Sü azia elkartea Xiberoko kultura eta ondarea dokumentatzeaz arduratzen da. Argitaletxe da ere, eta noiztenka agertzen ditu Xiberoko egileen obrak edo Xiberoari buruzko lanak.
Aldi honetan gaitzat hartzen du Urdiñarben 1909an iragan gertakari koloretsu baita latza ere. Izan ere, urte hortan 3 pastoral eman ziren herrian. Apirilaren 12an, lehenik, Roland pastorala. Ondotik sekulako kalapita sortu zen Herriko Etxearen jabe ziren « gorrien » eta herriko apezaren aldeko « Xurien » artean. Ondorioz talde bakoitzak pastoral bat muntatu zuen: Abraham pastorala xuriek, eta Santa Elena emazte pastorala gorriek.
Biak egun berean, maiatzaren 31ean ematekoak ziren. Zoritxarrez, goizean arrakasta handiarekin ematen ari zen Santa Elena pastorala denboran, harmailaren zati bat erori zen, ikusle baten hiltzen zela eta anitz bortizki kolpatzen. Denbora berean, beste pastoralaren emanaldiak aitzina segitu zuen.
Afera trixte eta harrigarri hau nasaiki dokumentatua da garaian lurraldean nagusi zen Eskualduna kazetan. Sü aziako ikerleek bildu dituzte gertakari horren inguruan agertu hainbat artikulu, eta hauek publikatu baita transkribatu. Bilketak ikustera ematen du herriaren baitan zen zatiketa gogorra xuri eta gorrien artean, 1905eko estatu eta elizaren arteko bereizketak suminki elikatzen zuena: azpikeria, salaketa, irain, giro zalapartatsua Urdiñarben garaian!

 

Ikus pastoral hauen inguruko dokumentuak Bilketaren « Pastoral xiberotarra » erakusketa birtualean:

Non aurkitu obra hau?

 

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu