Patxi Zubizarreta, Mikel Valverde. Erein, 2017. (euskaraz) adina: 10-13 urte

Besteak ez bezalakoa den mutiko potolo bakarti baten istorioa kontatzen digu Patxi Zubizarretaren Midasen eraztuna liburuak. Irakasleak gaizki tratatzen duela eta gelako lagunak hartaz trufatzen direla, “lagunen” jazarpena jasan behar du eta bere kuraia erakutsi. Bestenaz, lagun-taldetik kanporatuko dute. Azkenean, egiazko kuraia zer den erakutsiko du: zinez gure ustez ongi dena egitea da, eta ez besteek norberari inposatua.

Pareten kontra, besteen kontra eta bere buruaren kontra bortizki jokatzeko manuen parean, hark beste bide bat erakusten du, errespetuzkoa, eta lehengoa bezain eraginkorra eta adoretsua.

Denen trufa sufritzen zuen Midas, Xabier estimatua bilakatuko da. Haurtzarotik nerabezarorako bide hau narratzaile bitxi batzuek kontatzen digute. Narrazio eta elikadura kate bat osatzen dute: zorria, marigorringo edo katalingorria, armiarma, igela eta zikoina. Haiei esker, ikasiko dugu igela bat bezala mintzatzen edo nola marigorringoek gorringozo-gorringozo bizitzea maite duten...

Mikel Valverderen marrazki goxo eta koloretsuak lagun, maitagarriago egiten zaigu mutiko hori, bere betaurreko handiekin eta masail potoloekin... Eta beharrez, irudiek ulermena anitz errazten dute.

Elise Dilet – Ikas pedagogia zerbitzua

Non aurkitu obra hau?

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu