Antton Kazabon, Jokin Mitxelena. Berriozar: Denonartean, 2016. (Euskaraz) adina: 6tik gora urte

Udaberri hastapen honetan, sasoiz kanpoko fruitu bat aipatuko dugu Piku azpian albumaren bidez eta gisa horretan, udako gustu beroaren murtxatzeko parada eskainiko.
Narrazioa eta olerkiaren artean ibiltzen da Antton Kazabonen testua. Ihizi garaian gertatzen den txolarre kume ausart baten abentura kontatzen digu. Ixtoan izeneko ihiztari aparta piku azpian barrandan dago. Artean txorikumeak piku goxoen jatea amesten du....
Bat gozoa
bestea gozoago
gozoaren gozoz
gozo gehiago.
Beraz, Txolarko izeneko txolarre ttipiak, berriz hegal xaflaka ibili nahian, gormandizaren deiari erantzunen dio arrisku handiak hartuz. Beharrik Ixtoan ez dela hain gaiztoa; ageri du funtsean, buruan duen kapelu handiegia eta haur mukizu itxura ikustean.
Testua artoski landua da, olerki laburrak irudi duten lau lerroko erranaldiez antolatua. Bakoitzak fruituaren biribiltasuna badu eta obra osoa pikua bezain goxoa eta zaporetsua da. Ozenki irakurtzeko, edo, zergatik ez, kantatzeko gogoa ematen du, hola baitira testuaren erritmoa eta errimak hobekienik barneratzen. Teknikoki haikuak ez izanik ere, batzuetan iduri dute, mamitik eta azaletik:
Goian fruitu gozo
azpian itzala
arnas luze
bake zabala.
Jokin Mitxelena marrazkilariaren estilo ezagunak anitz ekartzen du: xarma, umorea eta haur kutsua... Erabili dituen teknikek eta koloreek japoniar estanpak gogorarazten dituzte. Haikuen gisan, estanpak naturari eta sasoiari dagozkie. Une bakoitzaren edertasuna gozatzeko deiak dira. Txolarre pikuzale ttipiak egiten duen gisa.

Elise Dilet - IKAS

Non aurkitu obra hau?

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu