Antton Kazabon, Jokin Mitxelena. Berriozar: Denonartean, 2018. (Euskaraz) adina: + 8 urte

Nikolas Txikiren biloba atzeman dugu! Emili deitzen da eta euskalduna da! Neska ausart eta deliberatuak bere lagun taldea animatzen du. Eskolan, mendian edo oihanean bizi dituzten abenturak kontatzen dizkigu. Ezbeharrak pilatzen dira haren inguruan eta denek diote zorte txarra duela. Alta denak (Emili barne) ados dira errateko biziki irringarria dela haren laguna izatea.
Goscinnyk bere garaian bezala, Antton Kazabonek denboraz kanpoko haurtzaroa itxuratzen digu. Haurrak sanoki bihurriak dira, libre eta axolagabeak; bizikletaz dabiltza, erreketan bainatzen, elurretan jolasten.... jende helduei nostalgia sortzeraino.
Bederatzi abenturek osatzen dute liburua. Letra lodiz idatzia eta nasaiki irudiztatua izanik, aise irakurtzen da, berdin irakurtzen, edo euskaraz irakurtzen, trebe ez izanik ere. Erranaldi laburrek eta elkarrizketek kondairari erritmo bizia ematen diote. Espainolismo batzuek (benga, bueno, gafe, kedadak...) testuari hurbiltasuna gehitzen diote hegoaldeko irakurleei begira, aldiz xarma pixka bat kentzen iparraldekoen kasuan. Jokin Mitxelenaren ilustrazioak ezin egokiagoak dira, bera, dudarik gabe, Sempé marrazkilariaren jarraitzaileetarik baita.

Elise Dilet - IKAS

Non aurkitu obra hau?

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu