Donibane Lohizuneren frantsesezko izenak (Saint-Jean-de-Luz) ez da latinezko Lux [argia] izenetik heldu, baina bai euskarazko Lohitzun, edo lohitsu hitzetik. Alabaina, Donibane eta Ziburuko herriak borrokatu izan dira, historian zehar, bi etsaien aurka, itsasertzaren aitzinamendua, eta Urdazuri ibaiko ihiztoka. Frantziako Liburutegi Nazionaleko (BnF) mapa zaharren funtsa horren lekuko da.

1600 – Donibane Lohizuneko arrada

Rade de St. Jean de Lus – iturria Bnf
Ikus mapa osoa

Donibaneko badiari buruzko BnF-aren mapa zaharrena 1600 urte ingurukoa da. Biziki zehaztugabea, agerian dagoen elementu bakarra Errekoletoen komentua da, bi herrien arteko uharte batean kokatua.

 

1700 – Donibane Lohizune eta Ziburuko hirixken mapa topografikoa

Carte topographique des bourgs de St. Jean de Luz et Siboure, du port de Secoua de la gr[an]de Baye de St. Jean de Luz et des environs – iturria Bnf
Ikus mapa osoa

1700 urtea inguruko mapa bat zehatzagoa da. Errekoletoen komentuaz gain, ikus daiteke ere Urtsulinen komentua, itsas ertzean, baita ere eliza, Lohabiague-enea etxea, non Luis XIV.a bizi izan zen 1660an, eta ondoko eraikina, Donibane Lohizuneko gaurko herriko etxea aterpetzen duena. Ohargarria izan daiteke eraikin hori, 1640 urtean inguru eraikia, herri bazterrean dela, ihiztokari bizkarrez ezarria, Ziburura doan zubiaren abiapuntuan.

 

1778 - Merkataritzako itsas portuen planoak

Plans des ports maritimes du commerce dessinés sur la même échelle de 20 lignes pour 100 toises  – iturria Bnf
Ikus mapa osoa

1778 urtea arte, gauza gutxi aldatu da. Bi komentuak ageri dira, eliza, eta Herriko etxea aterpetuko duen egoitza. Errekoletoen komenturako sarrera aldatu da, lehen diga edo ibi batek zubiari lotzen bazuen, zelaigune zabalago bat aurkitzen da orai, ihiztokaren kontra irabazia.

Kaia bat eraiki da itsas ertzean, gaurko hondartza handiaren luzetasunean, eta bi diga proiektu agertzen dira portuaren sarreran, sarbidea babestu eta segurtatzeko.

 

1785 - Donibane Lohizuneko planoa, portuaren handitze proiektu desberdinekin

Plan de St. Jean de Luz, avec les différents projets d'agrandissement du port / Dupuis ; Thouars – iturria Bnf
Ikus mapa osoa

 1782ko martxoan, tenpesta batek Donibane Lohizuneko itsas ertzean zegoen kaia desegiten du. Itsasoa herrian barna sartzen da eta "barra" deitutako auzoa suntsitzen du. Urtsulinen komentuak uhinak bete-betean biltzen ditu eta desagertzen da. "Estakada" bat (gorriz mapan) urgentzian eraikia da hiria babesteko.

Ondorioz, berrantolaketa proiektu handiak agertzen dira. Ondoko mapa garaian egin ziren proposamenetarik bat da. Baiaren sarrrera babestuko luketen bi diga agertzen dira, bat Zokoatik abiatzen dena, bestea Santa Barbarako punta Arthako harkaitzari lotzen duena (ikus mapa osoa) eta portuaren sarrera babesteko "itsasoan 100 toise-z luzatzeko kanal" bat. Hiriaren barnealdea antolatzeko proposamenak badira ere (berdez mapan). Besteak beste, "100 ontzi biltzen ahal lituzkeen urmaela" bat, ur ate batek hetsiko lukeena, eta garaiko portuaren lekua hustu, idortu eta hiria zabaltzeko ahala emango lukeena, eta, bereziki, "Espainiako bide" berri bat, lurretan barnago, zubi berri batekin. Ondorioz, bidaiarien ibilbide nagusia ez liteke gehiago eliza eta Herriko etxearen aitzinetik pasako (gaurko Gambetta karrika).

 

1795 - Donibane Lohizuneko hiria, portua eta arradaren planoa

Plan de la ville, du port et de la rade de St. Jean de Luz – iturria Bnf
Ikus mapa osoa

1795eko mapa batek obren aitzinamendua agerian uzten du. Itsas ertzeko babesak ("perré") luzatuak izan dira. Zubi berri bat eraiki da, lehengoa baino barnago, Donibane eta Errekoletoen komentuaren uhartea lotzen dituenak, baina ez da Zibururaino luzatua izan.

Herriko etxea eta zubi berriaren arteko eremua idortua izan da, plaza berri bat sortuz.

 

1866 – Aitzindaritza Goren mapa

Carte de l’état-major 1820-1866 – iturria Géoportail
Ikus mapa osoa

1823an, Barra auzoa babestu behar zuen "perré" eraiki berria berriro hausten da, eta etxe andana bat suntsitua da (hiriko eraikuntzen laurdena, garaiko lekukotasunen arabera). Auzo osoa desagertzen da. Diga berri bat eraikitzen da, 1782an baino lurretan barnago oraindik. 1854an, Napoleon III.ak badiaren hesteko obrak baimentzen ditu. Hiru digaren eraikuntza obrak abiatzen dira 1864an, Zokoa, Artha eta Santa Barbaran.

Anartean, barnealdea eraldatu da ere. Zubi berri batek Donibane eta Ziburu lotzen ditu, Errekoletoen komentuaren gibeletik pasatuz, eta bide berri batek luzatzen du, Espainiarantz, bidaiarien Ziburuko hiri zentroa saihestea ahalbidetuz. Lehengo zubiak deseginak dira edo pontoi gisa baliatuak. Ihiztokak gibel egiten du oraindik, Errekoletoen komentua teknikoki ez da gehiago uharte bat, baina Zibururi lotua da.

Oraindik barnealdeago, burdin bidea agertu da. Geltokia hiritik kanpo geratzen da.

 

1929 - Donibane Lohizune eta Ziburuko planoa

Plan de St Jean-de-Luz et Ciboure... 1/7 000 / dressé par M. Elissalt – iturria Bnf
Ikus mapa osoa

1895an bukatu ziren badia sarrera babesteko eraikitako hiru digak, eta eraginkorrak dira. Itsasertza egonkortu da, eta kasino eta bainu egoitzak agertzen dira. Barnealdean, urbanizazioa garatzen da eta ihiztokaren kontrako borrokan egunero lurrak irabazten ditu. Donibane Lohizunek bi auzo berri eraikitzen ditu, bat geltokia eta Victor Hugo etorbidearen artean, etorbide hori zirkulazio ardatz nagusia bilakatzen delarik, eta bestea oraindik barnealdeago (Errepira auzoa). Mapan eremu zuri batzuk gelditzen dira hala ere, Urdazuri bazterrean, eraikiezinak dauzkaten lekuetan.

 

2017 – Airetikako argazkia

Photographie aérienne – iturria Géoportail
Ikus mapa osoa

2017an, egoera aldatu da berriro. 1929ko eremu zuriak desagertu dira, bai Donibane Lohizunen, bai Ziburun. 19. mendeko "zubi berria" desegin da, eta beste batek lekua hartu du, zabalagoa eta oraindikan berriro barnealdeago. Itsasertza egonkorra da, ihiztoka desagertu da. Errrekoletoen komentua oraindik hor da.

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa