Jean Elizalde (1883-1961) (edo Elissalde), Zerbitzari izengoitiarekin ezaguna, usaiaz kanpoko erretorea da. Gure herria  aldizkarian, atsotitz, ipuin eta alegiak argitaratzen ditu. Eskualduna astekarian, pilotari buruzko kronika bat elikatzen du. Lehen mundu gerra garaian, soldadu, gerrako kazetari bilakatzen da eta bere egunerokoa LVII.a gerlan liburuan kontatzen du. Euskaltzain izendatua da 1930an. Olerkiak idazten ditu, baia bertsoak (Bizi dadin euskara), antzerkiak (Gaxuxa, Mikolas, Bi gogorrak…) eta Piarres Lafitte-en ondoan sortzen du Herria.

1961an hiltzen da, Lekornen, Gerezietako auzoan, bere kargu zuen parropian. 1958tik geroztik, frantses telebistak horrela ezagutarazi zuen : Le curé de Gréciette [Gerezietako erretorea].

Gerezietan zendu bada, Azkainen zen sortua, eta beti biziki atxikia izan zen sorterriari.

Saltsa-Maltsa eskuizkribua

1952 eta 1957 urteen artean, Elizaldek Gure Herria aldizkarian kronika bat agertu zuen, Azkaine gure sorterria izenekoa, eta – justuki – Azkaindarra izengoitiarekin izenpetzen zuena.

Baionako Euskal Museoko bildumetan, eskuizkribu bat badago, Saltsa-Maltsa izenekoa. Kaier arrunta da, Joana Arc-ekoaren ilustrazio batekin azalean. Barnean, Elizalderen eskutik, Gure Herriako kronikarentzat baliatutako testuen oinarriak dira. Batzuk azken edizioarekin bat egiten dute, beste batzuk marratu, zuzendu eta gehituak dira. Kaieraren gehiengoa 1941an  idatzia izan daiteke. Ohar eta zuzenketak berantagokoak dira, 1950 hamarkada hastapenekoak.

1950an Gure Herriaren argitalpena berriz abiatu zelarik (gerraren ondorioz 11 urtez gelditu eta), Elizaldek aitzinetik idatzitako testu batzuk landu zituzkeen argitalpenera aurkeztu aitzin.

Bi kapitulu gaur arte argitaratu gabe egonak dira:

Euskal folklorea

Beste gauza anitzen artean, Elizalde biltzailea zen. Argitaratu zituen legendak (Ixtorio eta ipuinak), ipuinak (Artho-xuritzean) eta atsotitzak (Atsotiz, zuhur-hitz eta erran zahar). Eskuizkribuko 24. kapitulan beste bilketa modu bat agertzen da: Euskal folklorearena. 65 gertakariz osatua da: ohitura, sinesmen edo erabilerak, 1940 urteaz oraindik indarrean, edo jadanik ahantziak...

Transkripzio eta itzulpen osoa ikusi

Alemanak Azkainen

22. kapitulua, hura ere argitaratu gabe egona 1941an idatzia izan da, Alemanek Azkaine okupatzen zutelarik. Elizalde, Gerra Handiko gudari ohi gisa, oldartzen da.

  • “Zeren Azkainen dire Alemanak : erresumako azken herrixkan ! Nork behar zuen hori erran : uste genuen Gerla-Handiko hil gaixoek ez zutela holako sakrilegiorik utziko, eta, bertze orduz Verdunen Pericard aitzindariaren hilak bezala, zutituko zirela beren oroitzapenezko harriaren gibelean “etsaia” berriz garbitzeko! Ez, eta Alemanak gutartean ditugu, gure nagusi, etxean nagusi, ororen nagusi! Berrehun gizon buru zuri eta ehun eta hiruetan hogeita hamabortz zaldi, hamasei kanoi gotorrekin…”

Alemanak nola Azkainera iritsi ziren kontatu eta “lezearen ondo-ondoraino […] eraman gaituzten Blum, Herriot, Cot, Daladier, Chautemps eta bertze xori madarikatu[ak]!” aipatu eta Elizaldek okupazioaren egunerokotasuna kontatzen du: neskatxoek alemanei sobera irriño egin dezaten beldurra, lasto erreserben arpilatzea, soldaduen jan-moldeak (eta zenbat arrautza bakoitzak jaten ahal zuen), kontrabandoaren bukaera (mugazain alemanak, haiek, egiazki lotsagarriak direlako), bizikletak, okupatzaileen erlijio sinesmenak edo pilota aurkitu zutela.

Bukatzeko, Elizaldek botatzen du abisua: “Ez gitela adixkide heiekin : etsaiak dire !!!”

Azkaine, gure sorterria

[leg]Azkaine 1950 inguru – Delanghe bilduma – Bilketa[/leg]

Eskuizkribuaren beste parteak, nagusiki, Gure Herria aldizkarian agertu ziren, baita ere Piarres Xarritonek 1985an eratutako bilduma batean: Azkaine, gure sorterria Elkar argitaletxeak plazaraturik Euskaltzaleen Biltzarra elkartea eta Azkaingo Herriko Etxearen laguntzarekin.

Izenburuak dion bezala, autoreak Saltsa-maltsa, edo miscelánea bat idatzi nahi zuen Azkaingo herriari buruz: obra bat nun irakurleak, nahas-mahas, jakitate, iritzi eta aisialdiak aurkituko zituen. Horretarako Elizaldek maiz tartekatzen ditu Jean-Martin Hiribarren beste azkaindar ospetsu baten bertsoak.

Herriari buruz, zinez eduki desberdinak agertzen dira:

Horien artean:

Azkaingo herriaren izenaren jatorria

Izenaren etimologiari buruzko teoria desberdinak aipatu eta, Piarres Lafitten ideiekoa dela salatzen du: “Az, mendia da: beraz aise ageri da zer den Azkaine: mendia gainean duena” .

Egoitzak, eliza eta hilerriak

Azkaingo eliza, 1950 inguru – collection Delanghe – Bilketa

Zenbat egoitza ospetsu izendatzen ditu, horien artean Azkubea (Baionako apezpikuen udako egoitza), Martzeenia (hiru Xurio ospetsuen sortetxea) edo Hargibelia (sorginkeri aferengatik erre zuten d’Arguibel apezaren sortetxea).

Eliza sakonki deskribatzen du (”eliza guti da Azkainekoa baino ederragorik”) eta agota edo “Jitoei” buruz luzatzen da, herritik osoki bazterturik atxikiak ziren jende horiek – beren ate propioa bazuten elizara sartzeko – omen lepra eritasuna zutelako, baina seguraski – Elizalderen arabera – 15. mendean “Indiako erresumatik” etorritakoak zirelako.

[leg]Hilarri ilustrazioak, Elizalderen eskutik[/leg]

Hilarriak aipatzen ditu, harriak berak, gaurko hilerriak eta izan zirenak. Bortizki ukatzen du Philippe Veyrin adituak diona: Larrungo mazeletan harrespilak badirela. “Jaun horrek ez nihork ez du Larrunen «Cromlech» direlakoetarik ikusi, Korrale handiak, ardi geriza batzu, dauzku horientzat hartu!!!”

Gorostiarriako harrespilak, Larrun.  Photo Dr Jacques Blot http://jacquesblot.over-blog.com/article-33993300.html

Larrun

Ondotik, Larrungo mendiaren historia kontatzen du. Wellingtonen armadak, Napoléon III eta Eugenia enperatrizaren bisita, harrapakariak, eta bista ederra – “largabistekin, haize hego Bordeleko eliza-nagusiko dorre[etaraino]” badoana.

Piarres Larzabal autoreari hartutako ipuin baten bidez, Iturri-Ederretako uren jatorria kontatzen du, baita Jesusek berak egun hartan hitzemana: “Euskal-Herriak iraunen du ur hunek dirauno! “

Ikus "Larrungo urrea" ipuina"

Azkaingo pertsona ezagunak

Azkainen sortutako pertsona ezagun batzuen inguruan luzatzen da. Horien artean:

  • Clément Chaubadon aita kaputxina, XVIII. mendeko predikari famatua,
  • Mixel Xourio, Jesu-Christoren imitacionea itzuli zuena,
  • Pierre Xourio, aitzinekoaren anaia, liturgia obrak sortu zituena,
  • Martin Xurio, seguraski bi lehenengoen aita, zeini Lapurdiko Biltzarreko sindikat nagusiko kargua kendu zioten eta ondorioz iraultza bat abiatu zuena, urrun iristen ahalko zitekeena ez balitz borroka erdian zendu.
  • Martin Hiribarren, apez eta olerkaria
  • Esteban Lapeyre, Sinesten dut itzuli zuena,
  • Eta bereziki bera, Jean Elizalde, Zerbitzari gisa ezaguna.

  • “Orok herrian eta herritik kanpo badakite nor den Zerbitzari: Jean Elissalde jaun apeza. Nondik etorria ote zaio izen hori? Hona. Hamalauko gerla handi hartan, behin “Eskualduna” asterokoaren Hiriart Urruty jaun buruzagiari eskutitz bat igorri zion gerlako berriekin, eta bere eskutitza bururatu zuen eskutitz guziak egiten diren bezala: Zure zerbitzari, JE. Bada Hiriat-Urruty jaunari iduritu zitzaion berri horiek atsegin eginen zutela Eskualdun guzieri eta asterokoan agertu zituen “JE” kendurik eta “Zure zerbitzari” utzirik; Ondoko aldi batez ez zuen “Zerbitzari” baizik atxiki. Eta horra izen horren ixtorio guzia.

Erretore, mediku, eta sasi-mediku

Herriko jende ospetsuen artean, Elizaldek zerrendatzen ditu parrokiako erretoreak, Pinatel mediku ospetsua, auzapez izan zena ere, baita ere sasi-mediku zenbaitzuk, fama handia  lortu zutenak.

Sorginak

Illustration de sorcière par Elissalde

1609an iragan ziren Pierre de Lancre-en auziek Azkaine gogorki hunki zuten. Besteak beste, garaiko erretorea, 75 urteko D’Arguibel jauna, erre zuten eliza aitzinean, apezetxean aurkitu baitzuten, salaketa baten ondorioz, hautsitako gurutze bat.

Inkisizioagatik ere, sorginek iraun dute Azkainen. Elizaldek ezagutu duen azkena, haurtzaroan, Gaxuxa Zipitria deitzen zen.

Laminak

Euskal Herriko laminak betidanik izan dira Azkainen, baina Jean Barbier-ren erranen kontra joanez, Elizaldek zehazten du herriz herri desberdinak zirela.

Ondotik Uhaldeko harrobiko laminen ipuina kontatzen du.

Ikus "Uhaldeko harrobiko laminak" ipuin

Auzapez, errient, eta pilotari

Elizaldek ezagutu dituen auzapezak izendatzen ditu (Hirigoyen, Domingo Berho, René Minier, Leholaberry, Gracy eta Pinatel), zenbait errient, eta – bereziki – pilotari ospetsuak, garaikoak: Pettan Lasconateguy eta Joxet Laduche 1941 urte hartan Frantziako txapeldun, edo Ganix Ibarburu lehengo maila laster berreskuratzen ahalko lukeena kartzela alemanetik ateratzen balitz, eta aitzineko guziak: Darruspe “Larru”, Chabat Teiletche, Ganich Elissalde, Chemartin Sallaberru, Ottare eta besteak.

Dokumentu numerizatua

Numerizatutako dokumentua Bilketan aurki dezakezu: http://gordailu.bilketa.eus/zoom.php?q=id:541866

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa