Baionako Mediatekako Res.41 bildumako 96 akuarelak ez dira izenpetuak. Ez zaie sortze datarik edo testuinguruaren azalpenik ezagutzen. Baina denek 19. mende hastapeneko jantzi klasikoetan diren pertsonaien gorputz osoko potretak dira.

Berry-ko dukesatik Ziburuko erretorera..

Egilea ez bada ezagutzen, dudarik ez da bildumeko lehen 89 akuarelak esku beretik jalgi direla, denak ezagut daitekeen estilokoak direlako. Azken 7 akuarelak desberdinak dira, segurki berantago bildumari gehituak.

Lapurtar motako dantzari anitz agertzen da bilduma hastapenean, batzuk "Vive le roi et madame" [Gora erregea eta Anderea] bandera bat daramatelarik. Xehetasun horrek pentsa arazten diete aditu batzuei, zeinetarik Philippe Veyrin (1900-1962) historialariari, marraztutako dantzariak Marie-Caroline de Bourbon-Sicile, Berry-ko dukesak 1828an Baionan egin zuen bisita kari antolatutako ongi etorri ekitaldikoak direla.

Agertzen den izen bakarra, dokumentuaren lehengo jabe batena da: "l’abbé Haristoy, Curé de Ciboure" [Hariztoi abadea, Ziburuko erretorea]. Jabe hori Pierre Haristoy da, 1836an Aiherran sortua eta Ziburun zendua 1901an. Historialari famatua, argitartu izan du Recherches historiques sur le Pays basque 1881an, eta Etudes historiques et religieuses du diocèse de Bayonne aldizkaria sortu izan zuen.

... edo Angulemako dukesara(1)

1897an, Société d'Ethnographie nationale et d'Art populaire erakundeak [Etnografia nazionala eta arte herrikoiaren sozietatea] Donibane Lohizunen, "euskal tradizioaren kongresua" antoilatzen du, kultur ekitaldi eta mintzaldi zientifikoz osatua. Kari horretan, hiriko Kasino handian, erakusketan bat antolatzen dute, eta bildumako akuarelak han aurkezten.

Charles Bernadou (1841-1901) historialariak erakusketaren deskribapena bat idatzi du Parisen 1899an argitaratutako Tradition au Pays Basque : ethnographie, folk-lore, art populaire, histoire, hagiographie liburuan.Akuarelen jatorriaz eta sortze dataz beste zerbait kontatzen digu.

  • Aux quatre côtés de ce salon sont appendues soixante à quatre-vingts aquarelles donnant la série des Costumes basques présentés à la duchesse d'Angoulême, à Saint-Jean-de-Luz, en 1823 : Etchecoandria, danseurs, Basques en cacolets, couturières, etc., toute une collection de bérets et de mouchoirs gorrias à queue pendante, qui fait rire aux larmes nos jolies Basquaises au mouchoir minuscule.

    Charles Bernadou, extrait de Les fêtes de la tradition basque, 1899

  • Saloieko lau zokoetan, hirurogei edo laurogei akuarela zintzilikatuak dira, 1823an Angulemako dukesari aurkeztu zitzaion Euskal jantziak andana osatzen dutena: Etxeko andrea, dantzariak, euskaldunak kakoletetan, jostunak, eta abar. Boneta eta dilingoko buztan luzeko zapi gorriak, gure zapi ñimiñoko euskal neskatxa ederrak negar egiteraino irri arazten dituztenak.

    Charles Bernadou, Les fêtes de la tradition basque testutik, 1899

Pertsonaiak

Dantzariak

Agertzen diren lehen pertsonaiak dantzari lapurtarrak dira, jantzi zuritan. Xirula, danborra eta danbolina jotzen dute. Girgilak dituzte galtzetan, uhala sorbaldak, eta loreak bonetan.

Euskaldun "frantsesak"

Euskaldun "frantsesak" boneta beltza batekin agertzen dira, jaka eta barnekomotza batekin. Makhila beharrezkoa zaien laguntzailea da.

Emazteak

Emazteen jantzietan desberdintasun gehiago agertzen da. Lana, estatusa, edo ezkondua izateak janzteko usaiak aldatzen ditu. Zapiak, sorbaldekoak edo burukoak, maiz agertzen dira.

Bikoteak

Zenbat akuareletan, bikoteak agertzen dira, elkarrekin ibiltzen.

Euskaldun espainolak

Gutxi agertzen dira bilduman. Hiru euskaldun "espainol" agertzen dira: bi gizon Gipuzkoako jantzi batzuekin, eta Irungo emazte bat.

 

Tresnak eta abar

Aterkiak

Kana-aterkia, 18. mendeko bigarren partean agertu berri dena, baitezpadako moda gehigarria bilakatu da. Emazte batek ezin luke aterkirik gabe pasaiatu.

Kakoleta

Bilduman agertzen garraio sistema bakarra kakoleta da (asto edo zaldi baten saihetsetan orekan kokatutako zumezko bi saski, bi pertsonen eramateko). Iduri luke klase sozial guztiek baliatzen zutela.

Zango makolak

Lau akuarelek pertsonaia makoladun batzu aurkezten dituzte. Zorigaitzez, lau akuarela horiek bildumako hondatuenak dira, eta legenda urratua dute. Agertzen diren pertsonaia horiek Landetako auzo batzuk izan daitezke.

Merkatua

Obra batzuk merkatura doazen edo handik itzultzen diren perstonaia batzuk aurkezten dituzte. Artistak egoera horiek baliatzen ditu abere batzuen marrazteko: zerrikume bat, zaldi bat, edo behi bat betizu arrazakoa izan daitekeena.

Langileak

Noiztenka, pertsonaiak laneko egoera batean agertzen dira.

Beste pertsonaiak

Bildumako azken akuarelak desberdinak dira, segurki beste marrazkilari batenak. Ipar Euskal Herri barnekaldetik etorritako bidaiari edo langileak aurkezten ditu (Lekorne, Luhuso, Aldude, Kanbo, Senpere, Mugerre eta Donibane Garazi).

 

Dokumentu numerizatua

Dokumentu honen bertsio numerikoa Bilketan konsulta dezakezu: http://gordailu.bilketa.eus/zoom.php?q=id:196983

Akuarela guztiak

 
[1] Informazio hau Ainciart Bergara Makhila tailerrak seinalatu digu eta 2018/05/02an gehitu diogu jatorrizko artikuluari.

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa