Frantziako Liburutegi Nazionalean, "Celtique et basque" deitutako funtsean (ikus dokumentuen zerrenda), orain arte gutxi ikertutako eskuizkribuak badira.

117tik 119ra zenbakituko dokumentuak jatorrian 136 orriko kaiera bakarrean ziren. Kaiera horretan euskarazko testu batzuen kopiak badira eta Anton Abbadiaren liburutegitik heldu da. Hiru parte desberdin badira, zenbakitzeko baliatu direnak :

  • FCB-118 zenbakiko eskuizkribua, “Recueil de recettes vétérinaires, en basque par Jaure-Guiberry” [albaitari-errezta bilduma, euskaraz, Jauregiberriren eskutik] izendatua, dokumentu zaharrago baten kopia da, 1891ko uztailaren 9 eta 21aren artean egina (ohar batek 1840ko zorra bat aipatzen du). 28 orriz, hainbat albaitari-erremedio zerrendatzen eta azaltzen ditu. (1)
  • FCB-119 zenbakiko eskuizkribua, "Recueil de recettes culinaires, en basque" [sukaldaritza errezeta bilduma, euskaraz] izendatua, 28 errezeten bilduma bat da. Errezeta gehienak frantses sukaldaritza tradizionalekoak dira zuberera itzuliak. (2)
  • FCB-117 zenbakiko eskuizkribua, “Recueil de recettes diverses, en basque, par Bidave” [Errezeta desberdinen bilduma, euskaraz, Bidaveren eskutik] izendatua, aldiz, ez da sukaldaritzako egina. Garaiko dogma zientifikoarekin "bat egiten ez duten" jakitate batzuetan oinarritutako eskuliburua bat da. (3)

Bidaveren sendaketa liburua

117 zenbakia daraman eskuizkribu horrek bere jatorriari buruz gutxi salatzen du. Zubereraz idatzia da, eta Bidave izenpetua da, beste xehetasunik gabe.

Frantsesezko ohar batek dio "J’appartiens au Sieur Andrau Goihaneix maçon à Barber Ordiarp donné le 6 février 1819” [Andrau Goihanex Urdiñarbeko "Barber"-en hargin, 1819ko otsailaren 6an emana], eta euskarazko beste batek “Donapaulen emana hilaren edo Harandaillaren 10 guerrenean. Bidave” , urte aipamenik gabe.

Sei parte nagusitan mozten ahal da:

Parte bakoitzak, zuzenki ala zeharka, sendaketa aipatzen du, edo sendabide baten martxan ezartzeko behar diren jakitateak. Agertzen direnez zenbait "sekretu" ezjakinen beldurtzeko baliatzen ahal direnak ("Eraztun bat eskuekin hunki gabe jauzi arazi"), pentsa daiteke eskuliburua ez dela edozein irakurlerentzat egina, baina elite batentzat, ez bada aprendiz batentzat.

Erlijioa ez da aipatzen. Agertzen den otoitza bakarra Agur Maria da, baina beheitikoaren aurkako erremedioaren egosteko denbora neurtzeko baizik ez da baliatzen. Sorginkeria ere ez. Sabat edo Akelarrea behin baizik ez da aipagai, urarekin itzaltzen ahal ez den sua ("Sabaten sekretua zenbat nahi ur emanik ere pizturenago baizik ez baita") baliatzeko aukera gisa.

Idazlearen ustez, jakitate guzti hori zientifikoa da, baina 19. mendean jadanik zaharkitu gisa ikusiak ziren naturaren ikerketaren adar batzuetan oinarritua : alkimia, sendabelarrak, litoterapia, fisiognomia, eta abar...

Idazleak dituen iturriak izendatzen ditu, bereziki Aristoteles (-384,-322), Arnau de Vilanova (1240-1311) edo Alberto Handia (1193-1280), eta bera esperimentatu ahal izan dituenak aberasten. Esamolde batzuk frantsesetik itzuliak direla ematen dute, beste batzuk gazteleratik heldu dira, idazlearen mugak agerian utziz (« (…) tartugaren gaineko estalgia (…) eta tartuga duk ene ustez apoarmatua. »).

Giza-gorputzeko konplexuen ibilmoldea

Les quatre complexions, allégorie. Extrait de Illustrations de Calendrier et compost des bergiers, 1531

Eskuizkribuko lehen partea gorputzaren ibilmoldeari buruzko laburpen bat da: Gorputza "konplexu" batzuen inguruan eraikia da, konplexu horiek bero, hotz, heze edo idorrak daitekeelarik. Konplexu horren kalitateen arteko orekak gorputzaren garapen harmoniatsu eta nortasun orekatua ekartzen ditu. Desoreka batek aise ezagutzen diren sintoma fisiko eta nortasun aldare tipikoak dakartza. Burumuinak, bihotzak, estomakak eta gibelak eginkizun handia dute konplexu horien garapenean.

Parte hau Klaudio Galeno (129-216) greziar medikuaren lanetan oinarritua da, bera Aristotelesen lau umoreen teorian oinarritzen zelarik. Nahiz eta aspalditik zalantzan ezarria zen, medikuntzaren ikusmolde horrek 19; mendea arte iraun zuen.

Parte horren zapi kapituluak:

Eskuizkribuan 7. kapitulurik ez da agertzen..

Fisiognomia idazlana

Aristotelis secretum secretorum, 15e siècle

Obraren bigarren partea fisiognomiari buruzko idazlan bat da., segurki 10. mendeko Secretum secretorum  obra arabiarrean oinarritua. Liburu hau faltsuki Aristotelesen gain ezarri zen, eta Erdi-aroan Europa guztian zabaldu zen, hizkuntza guztietan.

Fisiognomia alegiazko zientzia bat da, lotzen dituenak pertsona baten ezaugarri fisikoa eta nortasunak. Aritsotelesen umoreen eta Galenoren komplexuen teorien segida bat da, zenbat basa-medikuek baliatzen zutena diagnostikoen errazteko.

Eskuizkribuak zerrendatzen ditu zaindu behar diren seinale guztiak : ileetan, orrazkeran, bekainetan, begietan, ahoan, hortzetan, mihian, mintzairan, erhietan, kokotxan, bizkarreko biloan, begitartean, belarrietan, lepoan, espaldetan, besoetan, eskuetan, bularrean, sabelean, gorputzeko haragian, saihetsetan, azpi-buruan, belaunetan eta zangoetan.

Erromaniaren bertute terapeutikoak

Rosmarinus officinalis

Erromaniaren bertute terapeutikoak aspaldidanik ezagunak dira. Idazlearen arabera, ongi baliatua bada, landare honek gutxi gorabehera edozer senda dezake.

Nahiz eta parte horren lehen zatian bertute desberdinen sailkatzeko nahikeria agertzen den, lehenik erromaniaren parte desberdinen ustiapenak ikusiz, ondotik prestakuntza molde desberdinak (gordinik, xehaturik, egosirik, errerik...) lehen paragrafoen arteko loturak biziki lausoak gelditzen dira.

Parte horretako azken bi gaiak, aldiz, ordenu koherenteago batean agertzen dira. Arnau de Vilanova (1240-1311) eta Gabriel Alonse de Herrera (1475-1540) mediku eta botanistek aipatutako "balsamu" eta "ardo"-ak deskribatzen ditu. Bi prestakuntza horiek, lehenagokoak baino konplexuago, bertute ez hain arrazionalak dituzte (edertasuna, betirako gaztetasuna...)

Ikus errezeta desberdinak, erromania adarrekin, lore eta hostoekin, lore nahasiekin, erromania urarekin, hosto eta azala errearekin, erromania egosia edo Arnau de Vilanovaren ardoa.

Litoterapia idazlana

Collection de bézoard Argazkia Gerhard Elsner CC-by-sa

Eskuizkribuko ondoko partea “segretu eta berthute preciosa coin beitie” izendatua, harri baliosei eta daramatzaten bertuteei buruz idatzia da.

Zenbat "sekretu" praktiko aipatzen badira, lehentasunez azaltzen diren propietateak sendatzeko edo babesteko baliagarri direnak dira.

Gai horri buruz, idazlearen jakitateak nagusiki teorikoa dirudi, Alberto Handia (1193-1280) sainduaren obretan irakurria. Iduri luke harri batzuk ez dituela inoiz zuzenean ikusi (Errubiak duena argia sortzeko gaitasuna anitzez hanpatuegia da), eta deskribatzen dituen harri zenbaitzuk ez dira egiazki existitzen (Aetita, ainareren harria, Pandira harria...)

Deskribatutako harriak:

Gauza desberdinen bertute eta sekretuak

suge azala batek erabilera bat baino gehiago ukan dezake… Argazkia Christian Fischer CC-by-sa

Kapituluaren segidan, hainbat "sekretu", kurios, praktiko, mirakuluzko edo harrigarriak.

Aurkitzen dira suge azalarekin egindako erremedioak, zenbait gauza gutxi ala asko magikoak kukuso, arratoi edo liztorren aurka,  ardo eta mahastiari buruzko jakitate anitz ("Mahats ardo onik izanen denez jakiteko sekretua mahatsa agertu baino lehen"), eta beste gauza ugari, otsoen aurka, ohe batean ez lokartzeko sekretua, haurdun den emazte batek platera batetik ez jateko sekretua...

Erremedioak

Eskuizkribuko azken parteak erremedio batzuen errezetak zerrendatzen ditu. Baliatutako osagarriak landareetarik (kardoa, erramua, menda, ilar irina...) edo animalietarik heldu da (oilar gibela, eztia, hartza gibela, ahuntz esnea, satorra...). Errezeta bakoitzaren jatorria zehaztua da, antzinateko edo Erdi-aroko idazle, mediku, botanista edo alkimistaren idatzietan oinarritua.

Erremedioen sailkapena:

Dokumentu numerizatua

Dokumentu honen bertsio numerikoa Gallican kontsulta dezakezu: https://gallica.bnf.fr/ark:/12148/btv1b10037716r

 

(1) Txomin Peillenek argitaratua Bulletin du Musée Basque n°57, 1972 aldizkarian

(2) Irantzu Epeldek argitaratua ASJU 2008, pp.283-302 aldizkarian, "Zubererazko eskuizkribatu baten edizioa"

(3) Txomin Peillenek argitaratua Anuario de Eusko Folklore n°39, 1994-1995  aldizkarian ("Alberto Magno ta beste, Bidaveren eskuidazkian") eta Bulletin du Musée basque n°74, pp 127-140 aldizkarian ("Alberto Magno euskaraz")