Haur bati irakurtzen irakastea beti garrantzitsua da, edozein izan bere hizkuntza, eta horren lortzeko metodo hoberenaren hautaketak beti eztabaida sutsuak pizten ditu.

1828an, Baionako Lamaignère irarkolatik liburuxka bat jalgitzen da ez duena arrakasta handirik izanen. Lapurteraz idatzia da, Eyhartz apezak izenpetua, eta irakurtzen ikasteko metodo berri bat eskaintzen du, euskaraz, ikasgelan balia daitekeena, baita etxean ere.

Nahiz eta liburua inkoherentzia eta inprimategiko akats ugariz betea izan, Maurice Harrietek (1814-1904) bere liburutegian(1) atxikiko du. Hiltzen delarik liburutegia Uztaritzeko seminario txikira joango da, eta, pixka bat berantago, Piarres Lafitte-en ardurapean ezarria. Piarres Lafitte-ek bizi osoan garatuko du liburutegi hori(2), bukaeran hiru zatitan banatzeko :  literatura seminario txikian, filosofia eta erlijioa seminario handian, eta euskal funtseko 4000 liburukiak diozesako elkarteari. Honek funtsa Baionako Mediatekaren gerizapean ezarriko du. Eyhartzen liburuxka beti hor da, mediatekaren erreserbetan, eta gaur Bilketa.eus webgunean.

Jokoa ikasketa prozesuan sartu

Eyhartzen gogoeta bere garaiko metodoak ez direla onak oharturik abiatzen da. Haurrei eskainitako erreferentziak (Jesusen biziaren egokitzapenak) "eneagarriak" dira, lehen arauen irakaskuntza konplexuegia (Charles Rollin (1661-1741) eta Charles Lhomond (1727-1794) pedagogoek dioten bezala), eta irakasleek ez dute aski azpimarratzen bost bokalek duten garrantzia, irakurketaren giltzarriak direlarik ("bortz letra nagusiak"). Azkenik, bere garaiko metodoek ikasleeri sobera negar isur aratzen die, beharrezkoak ez direnak.

Joko B-BAtarren arauak

Lehen urratsa

Lehen urrats gisa, familiako aitak edo errientak eskolan edo familian dituen bezain bat kartoi prestatu behar ditu ("yaun errientac, edo aita familiacuac, behartu ukhan bere escolan edo familian haur duin bezen bat cartoy"). Kartoi bakoitza "bortz laurdenca" moztuko du, eta laurden bakoitzean 5 bokaletarik bat idatziko du, zenbaki batez lagundurik.

Haurrak letra nagusi bakoitza banaka ikasia izanen duelarik, bigarren kartoi seriea eman behar zaio, zeinetan letrak binazka agertzen diren (gehi zifra bat).

Haurrak serie hau ikasia duelarik, ondokoa eman behar zaio, hiru bokaleko (eta zifra bat) 5 seriez osatua.

Bigarren urratsa

Bigarren urratsarentzat, zaku edo tiranta bat behar da ("aise idequitzen eta zerratzen dena"), zeinetan sartuko diren bola edo karta batzuk non idatziak izanen diren letra eta zifrak, idazkera erromiarrak eta idazkera escutzitetan aldizkatuz.

Hirugarren urratsa

Hirugarren urratsak loto baten itxura har dezake, non haur batek ("argituen bat") zortean tiratzen dituen zaku eta tirantatik bigarren urratsean aipatutako bola edo kartak, eta ozenki erranen duen zer den gainean idatzia. Haur bakoitza entzuten duena ezagutzen saiatzen da eta bere kartetan konbinazio hori baduen begiratzen du.

Duen kartako bost laukitxoak ateraiak markatzen ahal dituen lehenak irabazi du.

Laugarren urratsa

Pixkanaka, familiako aitak - edo errientak - zailtasuna azkartuko du, konbinazio gero eta konplexu edo luzeagoak eskainiz, eta zeinen artean lehen egiazko hitz batzuk agertzen diren ("zoaz", "dugu"...)

Bostgarren urratsa

Azken urratsa izan daiteke haurrari jadanik gogoz ezagutzen dituen erranaldi batzuk ("Bakotchari bere heradaran, amorecatic yaquin dezaten eta ezagut zer iracurtzen duten.") eskaintzea.

Metodo honen abantailak

Eyhartzentzat, metodo hau baliatu behar liteke zortzi arrazoiengatik:

  • lehena,lehengo metodoek sortutako negarrak kentzea ("hastalei ichrazten zaizten nigarren soberatzea")
  • bigarrena, euskal herrietan irakurtzen ez dakiten 10etatik 9ek ikas lezaketela.
  • hirugarrena, errientetarik urrun diren familiek haurrak berek argitu litzaketela,
  • laugarrena, frantsesa edo gazteleraren ikasketa erraztea, metodo honen bidez irakurtzen ikasi duten haurrentzat,
  • bosgarrena, memento berean euskaldun zifrak eta arabiar zifrak ikastea
  • seigarrena, irakurtzen ikastea idazten ikasten aritu behar izan gabe
  • zazpigarrena, edozein hizkuntza ikastea baimentzea, izan dadin hebreera, kaldearra, siriera, turkiarra, greziarra, edo "Europaco bertze herdara biziac".
  • Zortzigarren eta azkena, irtenbide erraz eta eraginkor bat eskaintzea Europa osora hizkuntza amankomun bakar bat zabaltzeko (euskara), nahiz eta harrigarri izan daitekeen euskaldunen %99ak irakurtzen ez jakitea.

  • Voir le texte en françaisZortzigarrena, azkenean,  joko jostagarri bezain argitsu, eta Europako jende guztien, nolakoa nahi den izan dadin horien erdara amatarra, igual den joko honen asmamenduak eta imintzioak ez badiete erdiets arazten atsegina eta loria, Europa guztian erdara bera hedatzeko, jadanik Jesuseko letren batasuna, eta euskaldun zifren balioaren batasuna, hedatuak diren bezala: bederen neure entsegu guztiak eginak dituzket euskaldun deusik ez dakitenen, eta ilunpean lo dienetan pulunpatuak daudenen argitzeko, hélas nork sinets dio? Ehunetarik laurogei eta hemeretzik ez dakitela idazten ere Euskal Herrietan; nehon ez delarik hartze hoberik.
  • Euskarazko testua ikusiLa huitième, finalement : ce jeu aussi ludique qu’éducatif, et dont les inventions et les gestes feront naître plaisir et joie pour tous les gens d’Europe, quelle que soit leur langue maternelle, de manière à répandre une même langue dans toute l’Europe, comme sont déjà répandues les lettres de Jésus ou la valeur des chiffres basques : j’aurai au moins produit tous mes efforts pour éclairer les basques ignorants qui sommeillent, plongés dans l’obscurité, hélas ! qui le croirait ? quatre-vingt-dix-neuf sur cent ne savent pas écrire dans les Pays basques, quand il n’y a nulle part ailleurs meilleur terreau.

Dokumentu numerizatua

Dokumentu honen bertsio numerikoa Bilketan kontsulta dezakezu: http://gordailu.bilketa.eus/zoom.php?q=id:568776

(1) Maurice Harriet eta euskal Idazleak, Arantxa Hirigoyen

(2) Piarres Lafitten liburutegi pribatua Baionako Mediatekan bilketa.eus atarian.

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa