Hirurogeita hamargarren hamarkada bukaeran, talde abertzale berri bat agertu zen Ipar Euskal Herriko paisaia politikoan: Izan. Izanek jendartearengan eragiteko manera eta tresna berri batzu bultzatu nahi izan zituen. Autogestioaren aldeko kolektiboak lan-talde iraunkor bat zuen (Biltzar Ttipia), tokiko lan-talde ezberdinen gogoetetan oinarritzeko xedea zuena. Bost lan ildo jorratzen zituen: Euskal departamendua eta euskararen ezagupena, abertzaleen parte hartzea tokiko hauteskundeetan, tokiko garapen ekonomikoa eta enplegua, mugazgaindiko harremanak, euskal kulturaren sustapena.

Izanek izenpetu artikulu baten marrazkia, 1980/04/16ko 608. Enbata

Bulegoa hastapenean Baionako Bourgneuf karrikan kokatua zen, Pontrique karrikara joan arte 1980n. Bertan zaukaten offset errotatibari esker, Izan Hitzak taldearen barne agerkaria inprimatzen zuten. Izan Hitzak berri paperaren lehen alea 1979ko abenduan agertu zen. 22 zenbaki plazaratu ziren orotara 1983a arte, hots Izan kolektiboaren desegitea arte. 250 bat pertsonek ukaten zuten etxera.

Allande Duny-Pétrék Izan Hitzak agerkariaren 22 aleak numerizatu eta blog batean bildu ditu hemen. Jean-Claude Larronde historialariaren bi ikerketa irakur daitezke ere, bata Izan kolektiboaren historiari buruz, bestea, mugazgaindiko parekatzearen alde ari zen Iruña elkarteari buruz. Azkenik, barne paperaz gain, kolektiboak Enbata astekarian plazaratzen zituen artikuluak ere daude. 

Izan Hitzak bilduma numerizatua ikusi

 

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa