Silvain Pouvreau-ren euskara-frantsesa hiztegia, Antony Serpeille-ek kopiatua, Agosti Xahoren oharrekin.

Silvain Pouvreau-ren biografia

Silvain Pouvreau (Bourges ? – Paris, ~1675) Parisen formatutako apeza zen. Han intelektuala anitz ezagutu zituen, ala nola Bossuet, San Bizente Paulekoa, edo Arnaud Oihenart idazlea. Sortzez baionesa zen Jean Duvergier de Hauranne, Saint Cyraneko abade eta teologoaren idazkari izan zen ere, eta, iduriz, ofizio hori baliatu zuen hizkuntzetarako zituen gaitasunak garatzeko, frantsesa, latina, gaztelania, hebreera eta euskara menperatu arte.

1642an, apez ordenatua izan zen eta François Fouquet, Baionako apezpikuak, Bidarteko parropiako erretorre izendatu zuen. Bi urtez han egon zen, Parisera itzuli baino lehen, han zendutzeko 1675 urtea inguru.

Bere bizi bukaeran, obra erlijioso anitz sortu edo itzuli ditu :
-    Guiristinoaren Doctrina (euskarara itzulia), 1656an argitaratua, Parisen;
-    San Frantzisko Saleskoaren Philotea (euskarara itzulia), 1664an argitaratua, Parisen;
-    Lorenzo Scupoliren Gudu espirituala (euskarara itzulia), 1665an argitaratua, Parisen;
-    Thomas a Kempis-en gain emandako Iesusen Imitacionea (euskarara itzulia) hil ondoan argitaratua 1890an.

Euskara hizkuntzari buruz idatzi izan du ere, besteak beste Euskal obra txipiak (Les petites œuvres basques), biltzen dituenak euskararen gramatika bat eta euskarazko testu edo testu zati andana bat.


Silvain Pouvreau-ren euskara-frantsesa hiztegia

Euskarari buruzko ikerketei Silvain Pouvreau-k egin duen ekarpen nagusiena euskara-frantsesa hiztegi bat izan da, - inoiz argitaratua – 8 100 sarrera dituenak.

Duen aberastasunagatik, lexiko honek interes historiko handia du. Hona Antoine d’Abbadie et Agosti Xahok hari buruz egin azalpena beren Etudes grammaticales sur la langue euskarienne liburuan (1836, 47-49 orriak) :

“Silvain Pouvreau-ren hiztegia hizkuntzaren oroitarri arraroetarik da, bai haren antzinatasunagatik, bai zuberera eta nafarrera euskalkietatik hartutako hitzen aberastasunagatik, Larramendiren lanean eskas direnak.”

Interes ukaezina ukan arren, hiztegi hau ez da inoiz argitaratu. Bi jatorrizko eskuizkribu Frantziako Libututegi Nazionalean begiratuak dira, Zelta eta Euskal eskuizkribuen bilduman, 7 eta 8 kotekin.

Bi eskuizkribu horiek mota anitzetako multzo bat osatzen dute, edukiz gramatika zati bat, hitz zerrenda andana bat haien itzulpenekin, Silvain Pouvreau-k argitaratu nahi zituen obrendako erregearen baimena proiektu bat, euskara, latina, frantsesa eta espainola lau hizkuntzako hiztegi hastapen bat. Oihenarten eskuzko oharrak aurki daitezke ere, 1866an F. Burgaud des Marais-k argitaratu zituenak (Notes de A; Oihenart pour le glossaire basque de Pouvreau)
Horren kopia desberdinak, noiztenka osatugabeak, aurki daitezke ere Rouen-eko liburutegian edo Baionako Euskal Museoan.

 

Baionako mediatekan gordetako eskuizkribua

Baionako mediatekan gordetako eskuizkribua Antony Serpeille-ek eskuz egindako kopia bat da, bera Agosti Xahoren laguna eta haren euskarazko obren frantsesera itzultzailea zelarik. Lehen eta azken orrian agertzen diren oharrek baieztatzen duten bezala, kopiatze lana Parisen egin zuen, 1840ko urtarrilaren 17a eta 1840ko martxoaren 25a artean.

A. Serpeille-ek kopiatutako eskuizkribuaren lehen orria


Eskuzko ohar, emendakin edo zuzenketa anitz dauzka, baita ere zitazioen transkripzioak, Pouvreau-k hiztegiko terminoendako autore klasikoei egindako erreferentziak osatzen dituztenak. Gehiengoak Serpeille berak egin ditu, baina horietarik zenbait Xahoren gain ezarriak izan dira (bere izena ez bada agertzen ere).

Xahoren gain ezarritako oharren adibide bat : Pouvreau-k Axularri (a. 392.) erreferentzia egiten dio “Birikuztea” hitza argitzeko. Xahok erreferentzia osatzen du, zitazio osoa orri bazterrean transkribatuz – 1643an argitaratutako Axularren “Guero” obra nagusian 392 orrian agertzen dena – grafia gaurkotu batean.

 

Obra numerizatua:

Eskuizkribuaren bertsio numerizatua aurki dezakezu Bilketan, helbide honetan:
http://gordailu.bilketa.eus/notice.php?q=id:120119

 

Bibliografia

Silvain Pouvreau eta haren obrari buruzko argitalpenak aurki ditzakezu :

  • Sylvain Pouvreau : curé de Bidart en 1642,  Victor Pierre Dubarat, Revue internationale des études basques, Paris, T.2, p. 104-110 (1908) aldizkarian argitaratua
  • Silvain Pouvreau, prêtre de Bourges, écrivain basque curé de Bidart de 1640 à 1644, Victor Dubarat eta Jean-Baptiste Daranatz, Revue internationale des études basques (1929) aldizkarian argitaratua (http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/riev/20/20096101.pdf)
  • La bibliothèque de Silvain Pouvreau (1 et 2), Julien Vinson, Gure herria (1921) aldizakrian argitaratua
  • Silvain Pouvreau, prêtre de Bourges, écrivain basque, Jean-Baptiste Daranatz, Revue de Gascogne, 1929, Mars-Avril, p. 87-92 aldizkarian argitaratua
  • Oihenart Silvain Pouvreauren hiztegian, Mari Jose Kerejeta, ASJU aldizkaria (1991)
  • Pouvreauren hiztegi laukoitza, Gidor Bilbao Telletxea, ASJU aldizkaria (1992)
  • Pouvreauren hiztegiez eta hiztegigintzaren historiaz, Joseba Andoni Lakarra, ASJU aldizkaria (1995)

Auñamendi entziklopediak Silvain Pouvreau-ri buruzko bibliografia labur bat proposatzen du:
http://www.euskomedia.org/aunamendi/ee118295/143263

 

 

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa