Baionako bildumetako euskarazko liburu zaharrenak bertsio numerikoan.

 

lehen orriaBaionako bildumetan aurki daitezkeen euskarazko liburu zaharrenak  Joanes Leizarragaren Jesus Christo gure Jaunaren Testamentu Berria  eta Kalendrera eta ABC, edo Christinoen Instructionea dira, biak 1571an argitaratua.

1506 urtea inguruan Beskoitzen sortu eta apez katoliko egin zen, baina 1559an, Luteroren ideiekin bat eginik, protestantismora konbertitu zen, eta horregatik kartzelaratua izan.

1560an, Joana Albretekoa Nafarroako erreginak katolizismoa ukatu eta protestante bihurtu zenetik, garaiak aldatu ziren, eta ahal handiak ezarri ziren erlijio berria zabaltzeko. Herritarrengandik hurbiltzeko lekuko hizkuntzetan oinarritzea erabaki zen. Hala nola, 1563an Pauen egin zen kalbinisten lehen sinodioan galdetu zioten Leizarraga Beskoitzeko apez katoliko ohi konbertituari Testamendu berria eta zenbait otoitz kalbindar euskarara itzultzea.

Lan horiek 1571an argitaratu ziren. Lehenik Jesus Christ gure Jaunaren Testamendu berria  eta ondotik bi titulu liburu bakar batean inprimaturik : Kalendrera eta ABC, edo Christinoen Instructionea.

Jesus Christo gure Jaunaren Testamentu Berria 

Euskarazko lehen biblia hori, latinezko, grekozko eta frantsesezko testamenduen bertsio desberdinen itzulpen lan bat da, lapurtar, baxe-nafartar eta zuberotarran nahasten dituen lehen euskara batu batean.

Testamendu berriaz gain,  agertzen dira erreginari zuzendutako gutuna bat ("Gucizco Andre noble Ioanna Albrete Naffarroaco Reguina Bearnoco Andre guehiénic, denari...”), hitzaurre bat "Heuscalduney" deitua, eta bizpahiru gehigarri.

Julien Vinson-en arabera, inprimaketa lanak Leizarragak berak zuzendu zituen.

Ale gutti kontserbatu direla dirudike. Aurki daitezke Frantziako Liburutegi Nazioanlean, British Museum-ean, Espainiako Liburutegi Nazionalean, Euskaltzaindian eta abar. Baionako mediatekak bi ale badauzka:

-      Ale bat denborak hondatu duena, baina bere lehengo jabe batek, seguraski Joanes Haraneder Donibane Lohizuneko apezak (1740an berak ere ebangelioaren itzulpen bat idatzi zuena), osatu zuena gehituz - eskuz - eskas ziren orri batzuk. Aratxe larru beltzaranaz josia, izenburu urreztatu bat darama bizkarrean. 1851an, Martxuetako Ithurrondo bati 20 liberetan erosi zion M.P. Pagadaoy jaunak eta ondotik esku desberdinetarik pasa da, Piarres Lafitte idazle famatuenetararino iritsi arte. Gaur Baionako mediatekan utzia izan da.

-      Beste alea biziki ongi kontserbatua izan da. Aratxe larru grisez josia, zirrista urreztatuz apaindua, hegi gorriekin, testua osoa dauka. Lehen orrian agertzen diren zigilu eta marka desberdinen arabera, ezagutzen den lehen jabea Paul Colomiès (Paulus Colomesius) filosofo eta historialari protestantea izan da. Ondotik, liburua Herbeheretako Leidengo liburutegiarena egon da, 1843 urtea arte,salgai ezarria izan baita liburutegiko doble guziekin betan. Lutteroth artzain jaunak erosi zuen. Haren heriotzean, 1889an Pariseko Maisonneuve liburudendak salmenta publiko batean 221 liberetan erosi zuen, eta 1896an Baionako liburutegiari saldu.

Lafitte alea - lehen orria Colomesius alea - lehen orria

“Lafitte” alearen lehen orria,

seguraski Haranederrek eskuz egina

“Colomesius” aleko lehen orria,

bere tanpoi  eta eskuzko aipamenekin.

 

Kalendrera eta ABC, edo Christinoen Instructionea.

 Kalendrera erlijio egutegi bat da, pazkoko egunen taula, igandetako  hizkien zerrenda  eta urteen ibilmoldeari  buruzko informazioak eskaintzen dituenak. Titulu osoa : Kalendrera , Bazco noiz daten, Ilhargui berriaren eta letra Dominicalaren eçagutzeco manerarequin. Besta deitzen direnetaric-ere batzu eçarri içan dira, ez Igandeaz berce egun santificatzecoric delacotz, baina ferietaco, hartu-emanetaco, eta asko berce gauçataco egun iaquinac eta bereciac dituztenéc cerbitzudutençat.

ABC, haur eta gazteak gogoan hartuta egindako liburua da, formatu didaktiko eta arinekoa, atal laburrez osatua doktrinaren oinarria oroitarazten dutenak. Titulu osoa : A B C, edo christinoen instructionea othoitz eguiteco formarequin. Matth. XIX. Utzitzaçue haourrac, eta enegana ethortetic eztitzaçuela empatcha : ecen horrelacoén da ceruetaco refumá.

Azpimarratzekoa da Testamendu berria-ri konparatuz (ber ebangelio parte batzuk bi liburuetan agertzen dira), Kalendrera eta ABC Baxe-Nafarroa eta Zuberoari egokitua dela ohartzen ahal dela : datiboa aldatzen da (-ei  formen orde –er formak agertzen dira), eta dirade, balirade, edo liraden bezalako aditz formak dira, balira edo liren bilakatu dira…

Liburua hau Pariseko Arsenal eta Mazarine liburutegietan kontserbatua da, baita ere Baionan,bi aletan, bat mediatekan eta bestea Euskal museoan.Baionako Mediatekako alea, 1956an erosia, seguraski Julien Vinson-ena izana da. Bere essai d'une bibliographie de la langue basque obran deskribatu zuen. Deskribapen horren ondotik zaharberritua izan da, marokoar larrukiz josia, hegi eta apainketa urreztatuekin.

Kalendrera - lehen orria ABC - Gure aita
Kalendrera-ren lehen orria A.B.Cn aurki daitekeen Gure aita otoitza

 

Obrak formatu numerikoan :

Jesus Christo gure Jaunaren Testamentu Berria :

Kalendrera eta ABC, edo Christinoen Instructionea

 

Bibliografia bat

Leizarragaren bi obra horiek berrargitalpen ugari izan dituzte. Izenda ditzakegu :

  • L'évangile selon Saint-Marc traduit pour la première fois en basque par Jean de Liçarrague de Briscous / M. Julien Vinson ; Jean de Liçarrague. - Bayonne : Cazals, 1874. - 1 libk. (XXIV-72 p.) ; in-8.
  • Iesus Christ gure iaunaren testamentu berria / [trad. Ioannes Leizarraga] ; [éd. Edward Spencer Dodgson]. - London : Trinitarian Bible Society, 1908. - 1 libk. (917 o.) ; 12 cm. - Réimpression [sous la direction de Edward S. Dodgson] de la traduction de Ioannes Leizarraga imprimée à la Rochelle en 1571.
  • Iesus Christ gure iaunaren testamentu berria : othoitza ecclesisticoen forma catechismea : kalendrera : ABC edo Christinoen instructionea / Ioannes Leizarraga ; Th. Linschmann und H. Schuchardt ; J. Ruiz Arzalluz y J. M. Vélez Latorre trad. ; presentación J. A. A. M. - Bilbo : Euskaltzaindia, 1990. - 1444 o. ; 19 cm.

Ikerketa kritikoen gaia izan dira ere. Besteak beste:

  • The baskish New Testament / Edward Spencer Dodgson. - London : [s.n.], 1903. - 1 vol. (8 p.) ; 22 cm. - Tiré à part de "The Annual Report of the Trinitarian Bible Society" for 1903, 25, New Oxford Street, London.
  • The leiçarragan verb [texte imprimé] : An analysis of the 703 Verbal Forms in the Gospel according to Matthew / By E. S Dodgson. - London : Oxford university press, [1907]. - 1 vol. (200 p.) ; 26 cm.
  • Aingura eta Sugea : Originaltasuna eta dependentzia Leizarragaren idazlanetan / Patxi Salaberri Muñoa. - Donostia : Erroteta, 2012. - 1 vol. (197 p.)

Auñamendi entziklopediak Joanes Leizarragaren bibliografia labur bat proposatzen du.

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa