Irudian klik egin handitzeko

Argazki hau xuri beltzezkoa da, Baionako mediatekak 2018an erosia, 19 x 25,5 zm izarikoa. Legenda gabe etorri zaigu, eta hainbat xehetasun eskas ditugu agertzen zaigun ikuskizuna osoki ulertzeko.

Bestaberri bat ote da?

Argi bada erlisione besta bat dela (eliza berrogeita hamar metrotan da), zein ospakizun den ez da errex ulertzen. Besta-Berriko figura anitz ezagun dira: lehen planoko zapurrak, musikariak, soldaduak, banderariak, makilariak, jantziek eta eskuetan dituzten gauzek bereizten dituztela. Aitzinean daude haurrak xuriz bezti, batzu lore hosto zareekin, gibelago neska gazteak beltzez bezti mantalina xuri luzearekin, segur ere "enfants de Marie" elkartekoak. 
Bainan Besta-Berri bada, nolaz da apeza horrela aitzinean sotanean, meza emateko janzten duen elizatorra gabe? Bestaren zein momentutan da argazkia hartua? Beste hipotesia bat liteke ospakizun hori apez-sartze bat izatea, iduriz Besta-Berriko pertsonaiak biltzen zirelako horrelako gertaldietan. Hor diren elizatiarretaz ere bada zer erran: gehienik gizonak eta mutikoak dira, beltzez bezti. Eskuinetik ikusten da emazte eta neskato lerro bat hasten, gehiago ageri ez dena. Denak herritar itxura bertsukoak dira, xamarra eta boneta soinean, salbu bakar batzu paltoa eta xapelarekin. Ezkerrean, hiru zaldik tiratutako karrosa bada, barnean gizon bat bi nexkekin, itxura doi bat aberatsekoa.

Nun iragaiten da?

Eiheralarre (Saint-Michel frantsesez) herrian da hau, Garazin, Donibane Garazitik bost kilometrotan. Duela mende bat argazkia hartu zenetik, tokiak aldatuak dira, bainan leku hau identifikatua da, pilota plaza gibelean. Zirkulu-erdiko atea duen gibeleko etxea oraino xutik dago, itxuraz utzia bada ere, eta pilota jotzeko gunea desagertua da emokadura pean (1).

Ikus tokiaren argazkia, 2016an hartua. © Google Maps

Noizkoa da?

Klixeak ez du datarik, eta zaila da urte bat ematea. Thierry Truffaut etnologoak segurtatzen du 1914 aitzinekoa dela. Gizonen beztia ikusiz (xamarrak gehienik, eta oraino palto guti), pentsatzen du 1880 ingurukoa izan daitekeela, segurtamenik gabe. Alabainan, xamarrak halere erabiliak izan daitezke berantago ere, eta bitxi zaio ere garai hartan argazkilari bat horrelako herrian hurbildua izanik.

 Argazkilaria

Argazki hau Jean-Pierre Erguyk hartu zuen, 1880 hamarkadatik goiti XX. mende hastapena arte Donibane Garazin plantatu zen potret egile argazkilariak. Etnografiari begira balio handiko argazkiak hartu zituen baserriko biziaz Baxe-Nafarroan 1890ko azken urteetan. 1930 irian André Ocañak bere tailerraren segida hartu zuen(2).

Argazki honi buruz xehetasunak edo azalpenak ekarri edota artikuluko akatsak zuzendu nahiez gero, gurekin harremanetan sar zaitezke hemengo orriari esker.


(1) Baionako euskal erakustokiko katalogoa

(2) Euskal Herria 1860-1930. Mundua denboraz at? Lehengo argazkiak Baionako Euskal Museoko bildumetan. Pimientos, 2008. 

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa