Irudian klik egin handitzeko

Argazki hau xuri beltzezkoa da, Baionako mediatekak 2018an erosia, 19 x 25,5 zm izarikoa.

Zer erakusten du argazkiak?

Argazkiak ohiko merkatua agertzen digu, gaur egun oraino astelehen guziez herrian iragaten dena. Garai hartan kabalen merkatuak urrunago, harresietik kanpo, zuen bere tokia, eta etxeko pusken erosteko, Errobi erreka pasatu eta Herriko etxearen aitzinean den plazatxoan kokatzen zen, Donapaulera buruz doan bide nagusian.
Irudia noizkoa den zaila da zehaztea. Erguy-ren argazkiak XIX. mende bukaeran eta XX. mende hastapenean kokatzen dira komunski. Garai hortako beztiak dituzte bai pertsonek, beltzez nagusiki. Emazteek zaia luzeak dituzte, aitzineko taulier luze batekin, xuriagoa batzuetan, soingain tinkoarekin, eta buruan zapi ilun edo motto batekin. Gizonak aldiz xamarrarekin bezti dira, denak berdin bonetarekin eta makilarekin. Bakar batzu agertzen dira hiriko bezti edo ofizioari lotu janzkiarekin, hala nola polizia bat (edo mugazain bat ?).
Hor diren pertsonak erosketa egitera etorriak dira, oihal xuriz estaliak diren dendetara hurbilduak, bainan ez bakarrik: gehienak solasean ikusten ditugu elgarren artean, merkatu eguna bizi sozialaren momentu nagusi bat dela erakutsiz.

Toki bera, gaur egun

2013ko argazkia. © Google Maps. Irudia handitzeko klik egin

Lehen begi kolpean plaza itxuraldatua da, bainan ez hainbeste ongi begiratuta: etxe aitzinak ezagutzen dira, « Hôtel des Pyrénées » ostatua oraindik hor da, baita ere hotelaren aitzinean den platanoa, argazki xaharrean haurrak gainean hupaturik zituena!

Argazkilaria

Argazki hau Jean-Pierre Erguyk hartu zuen, 1880 hamarkadatik goiti XX. mende hastapena arte Donibane Garazin plantatu zen potret egile argazkilariak. Etnografiari begira balio handiko argazkiak hartu zituen baserriko biziaz Baxe-Nafarroan 1890ko azken urteetan. 1930 irian André Ocañak bere tailerraren segida hartu zuen(1).

Argazki honi buruz xehetasunak edo azalpenak ekarri edota artikuluko akatsak zuzendu nahiez gero, gurekin harremanetan sar zaitezke hemengo orriari esker.

 


(1) Euskal Herria 1860-1930. Mundua denboraz at? Lehengo argazkiak Baionako Euskal Museoko bildumetan. Pimientos, 2008.
 

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa