Webster eta Vinson-en eskuizkribuak.

Wentworth Webster (1828-1907)

Basque Legends argitaratuz (Londres, Griffih and Farran, 1877), justu Jean-François Cerquand-en (1816-1888) Légendes et récits populaires du Pays Basque argitalpen seriaren ondotik, Wentworth Webster euskal folkorismoaren ekarle nagusien artean inposatu da.

Argazkia : Auñamendi Eusko entziklopedia

Ingalaterrako Uxbridge herrian sortua, 1828an, apez anglikano horrek mundua zeharkatu zuen (Eskozia, Alemania, Suitza, Azoreak, Brasil, Argentina, Egipto) Frantzian instalatu baino lehen, etxeko irakasle gisa, lehenik Bagnères-de-Bigorre herrian eta ondotik Biarritzen. 1869an, Donibane Lohizuneko eliza anglikano berriko kapilau izendatua izan zen, eta kargua bete zuen 1882a arte, noiz dimisioa eman zuen eta Sarara, Bechienia etxera, bizitzera joan zen.

Intelektuala ezaguna, eleaniztuna, Euskal Herria eta haren hizkuntzaren zale errabiatua, artikulu andana bat Ingalaterran, Estatu Batuetan, Frantzian eta Espainian argitaratu ditu. Harreman hertsiak jakintsu anitzekin (Louis Lucien Bonaparte, John Riz, Hugo Schuchardt, Julio Urkixo…) mantentzen zituen, eta horietarik baten proposamena jarraikiz – Anton Abadia – abiatu zuen Euskal Herriko ipuin eta legenden bilketa.

1874 eta 1876 bitartean, hamar bat urte lehenago John Francis Campbell-ek argitaratutako Popular Tales of the West Highlands –etarik inspiraturik, eta Julien Vinson euskalariaren laguntzarekin, Websterek Donibane Lohizune eta inguruetako ipuin eta legendak bildu zituen, kontalariaren narrazioa ahal bezain ongi errespetatuz, zuzendu edo hobetu gabe.

Bilketaren parte bat ingelesera itzuli zuen, eta 1877an argitaratu, Londresen, Basque Legends izenburupean.

Julien Vinson (1843-1926)

Argazkia : Auñamendi  Eusko entziklopedia

Aita Indiako Puducherry herriko audientzako prokuradore izanki,  Julien Vinsonek haurtzaroa han iragan zuen, belarriak tamilera hizkuntzaz beteak, eta han zuen bizi osoko atxikiko zuen pasio bat irabazi : linguistika.

Nerabe denboran Frantziara itzulia, Nancy-ko oihangintzako eskolan ikasteko, ondotik oihaneko ikuskari-orde eta berantago Ur eta oihan ikuskari izendatua izan zen, besteak beste Baionan. Hizkuntzalaritza aldizkari desberdinetan parte hartu zuen, hala nola Revue Orientale edo Revue de linguistique et de philologie comparée agerraldietan, Abel Hovelacque edo Emile Picot batzuekin betan.

Ekialdeko hizkuntzen espezialista – tamilerarena bereziki – baita ere euskararen aditu famatua, Vinsonek obra andana bat argitaratu du, hala nola frantsesez idatzitako lehen tamileraren gramatika, edo Essai d’une bibliographie de la langue basque (1891), erreferentzia bat dena oraindik.

1883an, Maisonneuve argitaletxearen Littératures populaires de toutes les nations sailean argitaratu zuen Le Folk-lore du Pays basque, Euskal Herriko ohitura, legenda, ipuin, kantu, erran zahar eta sinesmenen bilduma bat, barnean sartuz Websterek bildutako ipuin batzuen frantsesezko lehen itzulpenak.

Bi gizonen arteko lotura eskuizkribuen bidez

Bi gizonen arteko elkarlana ezaguna zen: Websterek Vinsonek idatzitako kapitulu bat “Euskarari buruzko saiakera bat” bere argitalpenean integratu eta sar hitzan eskertu du ("I had hopped to have joined the name of M. J. Vinson, the well-known Basque and Dravidian scholar, to my own as joint-author of this simple work." (1)) eta Vinsonek Folk-lore du Pays Basque-en eskaintza zuzentzen dio ("Although you were so kind as to designate me as a collaborator in your Basque Legends, you know how little I could help you."(2)).

Ikerketa berri batzuek haien harremanaren ezaugarriak sakonagoki ezagutarazi dituzte, bereziki 2011an argitaratu den Natalia Mikhaïlovna Zaïkaren tesiak, Approche textologique et comparative du conte traditionnel basque dans les versions bilingues de 1873 à 1942 (W. Webster, J.-F. Cerquand, J. Barbier, R. M. de Azkue) deitua. Egileak bere lanaren parte bat gutxi ezagunak ziren bi eskuizkribuen azterketari dedikatzen du. Gaur egun bertsio numerikoan zabaltzen ditugu eskuizkribu horiek.

Websteren eskuizkribua

Eskuizkribua jositako hiru kaierez osatua da, eta euskarazko 87 ipuin eta zenbat ingelesezko edo frantsesezko itzulpenak biltzen ditu. Basque Legends-en argitalpenaren berantagokoa da, inoiz egin ez den berrargitalpen hipotetiko batendako landua seguraski. Autoreak berak utzi zuen Baionako mediatekan.  Hiru kaierak garai desberdinetakoak dira, eta ipuin zenbait behin baino gehiagotan agertzen dira.

Nota ugari ipuinei lotua da, zeharka agerian ematen dituztenak Websteren bilketarako egin-moldeak, baita ere laguntzaile zituen pertsonen rolak, izan ditezen kontalari, ekarle, itzultzaile edo zuzentzaile.

Vinson behin baino gehiagotan izendatua da ipuin batzuen ekarle gisa, baina eskuizkribu osoan agertzen da ere zuzentzaile gisa. Websterek ez zuen euskara osoki menperatzen ("I wrote down the Basque phonetically as it sounded to me, not grammatically ; and Mde Belleve (sic) supplied the translations afterwards. I did not understand all the Basque; but I could then follow the general sense of a tale or a conversation” (3) idazten zuen Julio Urkixori). Horregatik laguna zuen Julien Vinsoni zion laguntza galdetu. Haren zuzenketak, izan ditezen ortografia ala gramatika mailakoak, agertzen dira eskuizkribu osoan, aise ezagutu daitekeen idazkera batez.

Axeria ipuina, ingeles eta euskrazko bertioetan, Websterek eskuz kopiatua, Vinsonek zuzendua.

Vinsonen eskuizkribua

Vinsonen eskuizkribuaren lehen orria

Eskuizkribua Baionako mediatekak 2005an erosi zuen. 87 ipuin biltzen ditu, horietarik 84 Websteren lanetik hartuak direlarik. Zaïka anderearen arabera “arta handiarekin egina da, argitalpen baten aitzineko azken idazketa izan daiteke.” Websteren bertsioarekilako desberdintasun anitz aurkitzen ditu ere, bereziki gramatika zuzenketak, grafia aldaketa batzuk, baina ere interbokalezko ‘r’-aren desagerpena (“errepustarik” “errepustaik” bilakatzen da, “hura” hua”…), edo kontsonante hasperendunen markatzea (“deithua”, “artho”, “ikusthen”…)

Iduri luke eskuizkribu hori Vinsonek oinarritzat zuela frantsesera itzultzeko (euskaratik zuzenki, Websteren eskuizkribuko itzulpenak baliatu gabe) Le Folk-lore du Pays basque bildumean agertutako ipuinak.

Ohargarri da zuzenketa maila desberdinak hurbiletik ikertu eta, baita ere eskas diren pasarte batzuk, Zaïka andereak bildumetako ipuin gehienen ibilbidea osatu ahal izan duela :

  • Lehen bertsio Websterena da (2. eta 3. kaierak)
  • Vinsonek eskuizkribuan bertan zuzentzen ditu ulermena trabatzen ahal dituzten hutsak, eta interesatzen zitzaizkion ipuinak bere eskuizkribuan kopiatzen ditu, zuzenketak urrunago eramanez.
  • Websterek bere lehen kaieran berriz kopiatzen ditu Vinsonen bertsioak.

Joan-jina horien ondotik, bi autoreek argitaratzeko prest litekeen bertsio bat daukate eskutan. Ez dakigu aldiz euskaraz argitaratzea beren egitasmoetan zuten edo ingeles eta frantses bertsioekin aski zela uste zuten.  Dakiguna da ez dela bizi zireno horrelakorik egin. Mende bat pasa egon behar izan da Xipri Arbelbidek (1993an) Euskal Ipuinak I eta II  bildumetan Websteren Basque Legends-en euskarazko lehen itzulpena argitaratu dezan.

Eskuizkribuetarik batek Vinsonek Websteri igorritako gutuna bat darama, seguraski 1877an idatzia, bi eskuizkribuetarik ez bata eta ez bestea ez zirelarik bukatuak, eta non Websteren hizkuntza huts usaiako batzuk zehazten dizkion. Websterek horietarik zenbait zuzenduko ditu bere azken ipuinetan, baina ez denak…

Eskuizkribuak  numerizaturik:

Bibliografiak

(1) Espero izan nuen euskal eta dravidar jakintsu ezaguna den J. Vinson jaunaren izena eneari lotzen ahalko nuela obra umil honen ko-autore gisa.

(2) Nahiz eta aski atsegina izan ziren ene burua lankide gisa izendatzeko zure Basque Legends-en, badakizu zein gutxi lagundu zaitzakedan.

(3)  Euskara entzuten nuen bezala fonetikoki transkribatzen nuen, bainan ez gramatika segituz ; eta Belleve (sic) andereak itzulpenak ondotik egiten zizkidan. Ez nuen euskara osoki ulertzen ; bainan ipuin edo elkarrizketa baten erran-nahia sesitzen ahal nuen. 

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa