Euskal aditzaren jokadurak hurbiletik begiratu duen edozeinen jakin-mina pitz dezake. Logika bakunekoa itxuraz, aditz laguntzaile baten erabilerarekin, formaz aldatzen dena aditzaren denbora eta esaldiaren subjektuaren arabera, baina aberastasuna konplexutasun bilakatzen da aditz laguntzaile hori objektu zuzen edo zeharkako objektu baten presentzia edo eskasiaren arabera aldatzen baita ere, erabilitako euskalkiaren arabera, baita ere entzulearen sexuaren arabera.

Da edo du bezalako forma sinple eta arruntenak gutxi baizik ez badute harritzen, zakizkiokete (ahalerako orainaldiko Zuek-Hari forma lapurtera klasikoan) atzemateko aukerak, edo naiz bilaka daitekeela nauk gizon bati mintzatuz edo naun emazte bati arituz, 19. mendeko jakintsu bat baino gehiago liluratu ditu.

Louis-Lucien Bonaparte (1813-1891)

Louis-Lucien Bonaparte Napoleon lehenaren anaia den Lucien Bonaparten bosgarren semea da. 1813ko urtarrilaren 4an sortua da, Thorngrowe herrian, Ingalaterran, aita ingelesek preso atxikitzen zutelarik eta osaba Bérézinako guduaz altxatzen zelarik. Florentzia ondoko Musignanoko herrian hazi da ondotik, garaian Elizaren Estatuak ziren eremuan. Gazte ezkondua, baina bikotean maluros, bere emaztea Ajaccion jartzen du eta Europa eta Estatu Batuak zeharkatzen ditu bere bi pasioei osoki emateko : kimika eta linguistika.

Politikari aktiboa (Korsikako diputatu hilabete bat eta erdiz 1848 urte bukaeran, Senatuko diputatu ondoko urtean, senatari 1852an eta Printze izendatua urte berean), zientzialari distiratsua da ere (Oxfordeko unibersitateko ohorezko doktorea, ohorezko legioko Grand-Croix bere kimika laneengatik). Ingalaterran jarria 1860 urteetatik goiti, linguistikari dedikatzen da osoki (horri esker pentsio bat lortzen du Inpirioa desegitean bere diru iturri guziak desagertu direlarik), eta bereziki euskarari.

Goi-mailako kolaboratzaile ekipa batez inguratua (Duvoisin kapitaina, Inchauspé kalonjea, Uriarte, Otaegi, Salaberry…), Printzeak bere biziko azken hamarkadak Euskal herriko euskalki desberdinen ikerketari eskainiko ditu. Bere lanen artean, aipa daiteke euskalki desberdinen sailkapena gaur egun oraino parte batez baliatua dena, edo exhaustibitate nahikeriagatik eta formagatik harrigarria den Le verbe basque en tableaux (Euskal aditza tauletan).

Euskal aditza tauletan

Le verbe basque en tableaux, 1869an argitaratua, 1856 eta 1869 urteen artean Printzeak berak edo bere laguntzaileek egindako bilketa lan luze baten emaitza da.

Lan horrentzat, euskara 8 euskalkitan banatua da, 3 multzotan bilduak:

  • A multzoa: Bizkaiera
  • B multzoa: Gipuzkera, Nafarroa garaiko iparraldeko euskara, Lapurtera, Nafarroa garaiko hegoaldeko euskara
  • C multzoa: Zuberera, Nafarroa behereko ekialdeko euskara, Nafarroa behereko mendebaldeko euskara

Euskalki bakoitza azpi-euskalkitan banatua delarik.

Euskalki (edo azpi-euskalki) bakoitzarentzat, Louis-Lucien Bonaparte saiatu da baliatuak diren aditz forma guzien biltzea, haien eraikuntzaren logika ulertzea, eta analisia sintetiko batean kokatzea, taula batzuen bidez.

Bere teoria edo aurreiritzi batzuk kritikatuak izan badira (garaian eta orain), bilketa lan gaitza eta sintesia lan miresgarriagatik obra hori euskal filologian gidamarka bazterrezin bat gelditzen da.

 

Lapurterazko aditzaren taula, bere denbora sinpleetan

 

Daranatzen kopia

Baionako Euskal Museoan, obra hori aurki daiteke eskuizkribuen artean, eta gaur molde numerikoan Bilketan.

Kopia hau, bertsio inprimatuari biziki fidela baina ez arras osoa, Jean-Baptiste Daranatz (18..-1945) autore emankorraren gain emana da.

Baionako katedralako kalonje, Baionako Société des Sciences, Lettres, Arts et d’études régionales egiturako lehendakari, Revue internationale des études basques edo Gure Herria bezalako aldizkarien kolaboratzaile zen, eta artikulu eta liburu ugari utzi ditu eliza, historia, Baiona, botanika, olerkia edo euskarari buruz. Euskal Museoan, haren eskuizkribu batzuk badira, besteak beste inprimaki batzuetarik egiten zituen kopiak (ikus dokumentu numerizatu batzuk Bilketan)

Zergatik Daranatz aditz taula horien kopiatze lan xehe eta aspergarri horri lotu den ez dakigu, baina baliteke inprimakiaren lehen tirada apalak (250 ale) dokumentua arraro eta eskuratzeko zaila egin duela, eta euskal ikerketen zale hori eskuzko kopia baten egitera bultzatu.

Printzea hil ondoan bere artxiboak sakabanatuak izan direnez (Londresen, Chicagon, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako diputazioetan), kopia hau, Louis-Lucien Bonaparten Le verbe basque argitalpenaren bertsio bukatugabea bezala eta zuzenketa nota batzuk edukitzen baititu, guziz interesgarri da.

Eskuizkribua sarean

Eskuizkribuaren bertsio numerikoa helbide honetan aurki dezakezu:

http://gordailu.bilketa.eus/notice.php?q=id:196099

Bibliografia

Louis-Lucien Bonaparten argitalpen batzuk:

Jean-Baptiste Daranatzen argitalpen batzuk:

Louis-Lucien Bonaparte-i buruzko argitalpen batzuk:

 

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa