Maider Bedaxagar autorearen baimerakin argitaratua. Artikulu hau Bulletin du Musée Basque n°185 (2e semestre 2015) aldizkarian agertu da.

Etxahun sortu eta hil den extearen lekuan ezarritako oroitarria, Barkoxen. Argazkia, Maider Bedaxagar, 2011

Bi Etxahun badira Xiberoan, hori Xiberotar ala Xiberotar ez direnek dakie, ez bada hiru, Etxahun Liginaga ere maskaradetan sonügile eta kantari beitzen. Bi Etxahunak poetak dira. Etxahun Iruri Etxahun Barkoxeretarik hain desbardin dela mentüraz gütik dakie. Aski da ata, bakotxaren kantore baten hartzea, kantatzea, eta koblak ekarten düanari ohartemaitea.

Etxahun Barkoxe bardo bat zen (1786-1862). Bere bizitze “moldegaitza”, malürrez josia, injüztizia eta pena handiz betea oroen gogoetan da. Berak bezala, ez dü nork nahi bere bürüa mündüko malerusena bezala definitzen. Arren, düdarik gabe, Etxahun Barkoxe erromantiko handi bat zen.

Bere malürrak beti izkiribüz ezarri dütü. Artetarik, bere kantore horiek balio izan düe dokümentü bezala, bere bürüaren salbatzeko baliatü dütüanak, presuntegiala joan behar züanean adibidez, agitü gertakariak kontatzen zütüan manera poetikoan, bere maneran hots. Paper horiek orano bizirik dira gure artean. Etxahun Barkoxe kantore egile bezala ezagützen badügü, bere izkiribüak ere badira, poema beno haboro dokümentü ofizial bilkatü direnak, eta urteekin, müseoetako ondarezko dokümentü.

Manüskrito andana bat Eüskal Müseoan

Etxahunen izenpedura Clarisse jaunari idatzitako olerkia bukaeran. Euskal Museoko bildumetarik. Argazkia Bilketa.

Baionako Eüskal Müseoa eüskarazko manüskriten edirengüne aberatsa da. Eüskal kültüra eta literatürako izen andana baten lanak edireiten dira han, eta üsü, jenteek beren paper eta librü pertsonalak han ützi dütüe, emaitzaz. Holaz, funts andana bat sartü da Müseoala eta jabe ohiaren izena hartü düe : Hiribarren funtsa (23 manüskrito), Campan-Latsague funtsa (24 Pastoral manüskrito), Malartic Funtsa (6 Pastoral manüskrito), Duvoisin funtsa (6 kahier manüskrito), Ducourrau funtsa (2 marrazki kahier manüskrito) Otxobi eta Edmond Rostand funtsak, bai eta soltean diren beste manüskrito andana bat, hala nola, Pouvreau, Hérelle, Dodgson, Daranatz, eta beste hainbesteren esküetarik diren letera, gütün, ohar, pentsamentü, franko.

Bere fama dela medio, jenteak Eüskal Müseoatan konfidantxa handia üken dü, eta familietan hain inportant ziren dokümentü elibatek beren sartzea egin düe Müseoan. Hiribarren funtsa aberatsenetarik da kopürü maila. Apez honen paperak (1810-1866) bi ütürri desbardinetarik heltü dira : Garat-Hargous eta Manu de la Sota emaitzen bidez. Emaitza horien artean, edireiten da adibidez Hiribarrenen hiztegi famatüa (eüskara -frantsesa). Hots, dialektologiaren lantzeko dokümentü baliosak dira. Bestalde, Müseoak bi pastoral funts üken dütü : Campan-Latsague funtsa eta Malartic funtsa. Lehen funtsa, Campan-Latsague familiaren emaitzaren bidez sartü da Müseoala. Hor, 17. eta 18. mendeko 24 pastoralak kausitzen ahal dira. Georges Hérelle ikerlariak ezagützen zütüan manüskrito horiek. Campan-Latsague andereari üsü galteginik izan zeion bere hontarzünak ütz litzan Pariseko Bibliothèque Nationale de France (BNF)-ean, bena beti errefüsatü züan. 1926an, Eüskal Müseo baten sortzearen projeta jakiten düalarik, Daranatzi hitzemaiten deio bere dokümentüak Eüskal Müseoari emanen deitzola. Funts baliosa da, bereziki pastoralik zaharrena edireiten ahal beita hortan : Sainte Elizabeth de Portugal, 1750 urtekoa . Beste pastoral funtsa Malartic Bikontesaren bidez heltü da Müseoala : 6 pastoral manüskrito kontatzen dira, haboroxeak Clément d’Andurain-enak. Malartic anderea Clément d’Andurain-en arreba zen eta hau bere funtsaz jabetü zen. 1935ean, sei pastoralen emaitza egiten dü Eüskal Müseoari. Beste funts bat bada, ez arinenetarik, hau da Duvoisin funtsa. Kapitainaren esküzidatzi funts nausia Baionako Mediatekan bada ere, bere paper balios zonbait kontserbirik dira Eüskal Müseoan, besteak beste kantore eta poema andana bat, gehienak lapurtarrez, Lore Jokoentako baliatüak. Beste funts zonbait badira bardin interesent (Ducourrau natüralistaren marrazki espantagarriak, Otxobiren esküzidatziak, Edmond Rostand-enak...etb).

Üsü, manüskrito batek beste nihon ere edireiten ez den testua ekarten dü, eta hori altxor paregabea da. Üsü ere, artista baten idatziak ahozko literatüran baizik atzamaiten dira, bereziki koblakari, bertsolari eta poetenak. Artetarik ata, ahozko literatüran bizirik diren kantoreen herexa idatziak atzamaiten ahal dira. Hori da agitü Etxahun Barkoxeren kasüan.

Etxahunen artxibak Eüskal Müseoan

Etxahun Barkoxeren paperak ere emaitza bidez heltü dira Eüskal Müseoala. Jean Haritschelhar ikerlariak bere tesia abiatü züanenan (“L’oeuvre poétique de Pierre Topet-Etchahun : 1786-1862”), Donapaleüko Péria familia ezagütü züan. Henri Péria, Armadako Administrazioneko Egiaztazalea zen (Contrôleur Général de l’administration de l’Armée), eta familiako ondare bidez, Etxahun Barkoxeren artxibak ardietsi zütüan. Péria Andereak, alargüntsa zelarik, esküzidatziak eskentü zeitzon Eüskal Müseoari, Haritschelhar jaunari konfidantxa osoa egiten beitzeion.

Horiek dira 1964ean, Eüskal Müseolat sartü diren dokümentüak :

Etxahun Barkoxeren esküzidatziak zortzi dira Eüskal Müseoan (MS-58tik 64 arte). Denak oro Péria Anderearen bidez sartü dokümentüak dira.

Adiz, bada bat Péria Funtsetik jiten ez dena, eta Haritschelhar beraren edireitza izan dena :

MS 65 Goure jaun aphescupia  edo “Poème à Mgr Lacroix” 2 or., 33x23 cm, [1856] urtekoa

Manüskrito hau kasik hasartean atzamanik izan da. Eugène Goyhenèche eta Villalonga jaunekin batean, Haritschelharrek kolokio bat antolatü züan, 1963an, “Dictionnaire topographique des Basses-Pyrénées”obraren  ehün urteentako, eta artxiba erakuska baten plantan ezarteko xedea züen. Püntü haietan, Manu de la Sotak Daranatzetarik bildü librütegia eskentü berri züan Baionako Eüskal Müseoari. Horko dokümentüen zokokatzearekin, Haritschelharrek manüskrito andana bat ikusi züan, denak oro koblatan idatzirik. Horien artean, batak izpiritüa kilikatü zeion: xiberotarrezko kobla lüze bat , izkiribü larri et malestrük batetan. Ikerlariak segidan Barkoxeko poetari pentsatü züan. Bertsoak barnatikago ikusirik, Baionako ordünko apezküpüarentako idatzi koblak ziren. Fisikoki ere, besteetarik berexten zen dokümentüa zen, papera besteak beno handiago züan. Bi ostotan hedatzen zen eta lehen kobla “Goure jaun aphescupia”-rekin hasten zen.

Péria andereak eman dokümentüak 1830 edo 1840 urtekoak ziren,  hau berriz, Haritschelharren ustez,  1856koa da.

Etxahunen lau poema nausiak eta haien herexa idatziak

Etxahun edo Pierra TOPET Barkoxtarra, 19. menteko koblakari bat zen. Erromantismo püntü bizi-bizian sortürik zen, eta holaz, bere koblak oso dramatikoak eta nigarroiak ziren. Bizitzen zütüan tragedia haboroxeak koblatan ezarten zütüan.Badira lau kantore Etxahunen bizia untsa errepresentatzen beitüe, eta haren biziaren mirari izan beitira. Arren, poetaren lüma untsa agerian ezarten düen kantoreak dira, orano edonork ezagützen dütüan kantoreak, eta haren bizitzearekin oso lotürik diren istoriak kontatzen dütüe.

Ürxapal bat badügü herrian trixterik,
Nigarrez ari düzü kaloian barnetik,
Bere lagün maitiaz beit' izan ützirik:
Kuntsola ezazie, ziek, adixkidik.

Oi! ene izatia dolorez beterik!
Mündian ez ahal da ni bezañ trixterik,
Ni bezala maitiak traditü dianik.
Abil, amodiua, hürrün ene ganik!

— Traditü zütüdala deitazüt erraiten;
Bata eta bestia, gü biak bat ginen,
Ene bihotza zaizü bizikoz egonen;
Behar zütüt ützi lotsaz etxekuen!!
Ürxapal bat badügü kantoreko zati bat

Ürxapal bat badügü kantorea, 1805/1808 urtekoa

Hau, Etxahunen lehen kobletarik da, eta bere gazte denborako istoria bat aipatzen deikü.  Etxahunek neskatila batetarik hürrüntü behar izan züan, ezi kasta txipiagokoa beitzen, eta harekin ezkontü izan balitz familiaren ohorea deseginen beitzükian. Egüzaitak mehatxatü züan desprimatzea, ezteiak egiten baziren. Hogei bat urte baizik ez züan koblakariak, ordüan.

Halako gei baten haütatzea klasikoa da erromantikoen artean, haboroziz ürxapal baten pertsonfikatzea. Kantore hau zinez famatürik baratü da, eta pentsatzen ahal da Etxahun adin hortan zatekeala hasi bere malürren paperean izkiribatzen, hots koblakan hasten.

Mündüan malerusik kantorea, 1827 urtekoa

Hogei bat urte berantago, Etxahunek berrogei urte dütü eta jadanik izigarrikeria franko agitü zaio. Bi urte igaran berri dütü presontegian, eta etxera heltzean ohartü berri da emazteak tronpatzen düala aüzo batekin. Aski ez balitz bezala, jentea hartaz mintzatzen hasten da, Oloroneko merkatütik landa Etxegoihen tiroz kolpatürik izan beita. Erraiten da Etxahunek düala kolpatü, Heguiaphal bere emaztearen amorosa eho nahiz.

Etxahun jenteetarik hürrün erretiratzen da, eta Ondarzühü artzainaren olhaltean egoiten da ürrietaren 25etik 30eala, eta han hontzen “Mündüan malerusik” kantorea. Azken bertsetean, Etxahunek erraiten dü non gordatzen den azken egünetan.

“Barkoxeko lürretan ez txerka Etxahun
Haren atzaman nahiz dabiltzanak ondoan
Bere kantoreen hontzen ari da Igelun
Holako olalterik ez beita Xiberoan”

 

Kantore hau dokümentü ofizial (edo pièce à conviction) bezala egarririk izan da Etxahunen prozesean, Agen-eko herrian. Haritschelharrek 1827edo 1828 urtean datatzen dü. Péria funtsaren paperen artean, jüstoki, kantore hau atzamaiten ahal dügü, bena hein bat arrahonkirik, eta titülü berri baten pean : “Desertüko ihizeak”. Hau, Haritschelharren ustez 1833an arrahonkirik izan da.

MS 60 Desertuco ihicic, 2 or. 21x16 cm. , [1833] urtekoa MS 61 [Traduction du poème Desertuko ihicic] : 2 or. 25x19 cm.

 

Lehen dokümentüa (MS 60) Etxahunen esküetarik da. Kantorea autobiografikoa da beraz, 19 bertset kontatzen dütü. Dokümentüak bi osto dütü.

Beste dokümentüa (MS 61),aitzineko kantorearen ützülpen frantses bat da. Haritschelharren ustez ez da Etxahunen eskütik: “La traduction n’est pas d’Etxahun et nous la qualifierons d’assez lâche encore que l’esprit du texte n’ait pas été trahi”. (BMB, 1964 : 89 or.). Papera oso hauskortürik da, üngürüetan, bai eta erditan ere, dokümentüa porrokirik da, eta haren eskükatzea gaitz da.

Bi berset dolorusik kantorea, 1831 urtekoa

Etchegoyhenen tiro istripütik landa, Etxahun auzitegian igaraiten eta memento latzak bizitzen dütü. Ordü haietan pentsatzen dü Jinkoarengana hüllantü behar düala, haren lagüngoa ardietsi behar düala, eta Erromara joaitea deliberatzen dü pelerinajez. Auzitegiak Etxahun xuritzen dü probarik ez düalako Etxegoihenekin agitüaz. Erromara hoinez joaiteko püntüan, kantore hau idazten dü non ere erraiten beitü bere bekatüetarik garbitü nahi dela, eta üngürükoer parkamentü egiteko prest dela : “etsaier parkatzen dit, ene ogen egileer, hala nola Jesüsek eginen züan berer”. Kantore hortan, bere haurrak üzten dütü herriko bedezi eta aüzapez den Mus de Alkhatengain, eta galtegiten beren aita jar dadin :

“Musde Alkhat Barkoxe nik zütan dü sineste
Zuri egiten deizüt ene poterez titre
Ene haur maleruser aita jar zakitze
Titre haiez balia haien etsaien kontre
Zure karitatea jinkoak ohart düke”

 

Bertsetez bertset, Etxahunek zerrendatzen dütü bere biziko mementorik latzenak : gazte denbora, desprimatzea, emaztearekin ezkontzea, presuntegi denbora, Barkoxeko krima...

Urte bat berantago, Etxahunek letera bat izkiribatzen dü Hyppolite Clérisse, Donapaleüko proküradoreari, bere emaztea zainetarik eri direnentako ospitaleala eramanik izan dadin. Péria funtseko paperen artean agertzen da letera hori :

 

MS 62 Lettre d'Etxahun à M. le Procureur du Roy à Saint-Palais, datée du 1er Août 1832 et signée. 1 or., 19x12 cm., [1832] urtekoa

 

Letera hontan (MS.62), Etxahunek galtegiten dü bere emaztea “maison de force” batetara igorririk izan dadin, bere gaitz güziak emazte horrengatik beitzaitzo sortü, eta sendotü beharretan beita. Ez dakigü letera honen ondoamena. Etxahunek frantsesez idazten dü gütüna, holaxe-holaxe, ezagützen düan basa-frantses batetan.

Etxahunen bizitziaren kantorea, 1834 urtekoa

1833 urtean, Eüskal Herriala jin zen Ernest Legouvé (1807-1903), frantses olerkari eta antzerkigile famatüa. Honek, Etxahunekin balinba sobera akort ez baziren ere, hanitx lan egin züan emazteen eskübideentako. Hebenko kültüraz kürios, galtegin omen züan eüskal poeta baten ezagützaren egitea, eta Donapaleüko auzitegiko Hypollite Clérisse proküradoreak aipatü zeion Etxahun koblakaria. Clérissek galtegin zeion Etxahuni bere biziaren kantore bat idatz lezan, Legouvé jaunarentako.

Etxahunek hitzeman zeion baietz, bena lehenago, bi poema hontü zütüan jauntto horientako, bata Clérisse jaunaren ohoretan eta bestea Legouvé jaunaren ohoretan. Üsatü ez bezala, biak laudazale dira. Zer igaran züen Etxahunekin halako kantoreen hontarazteko? Jüstoki, bi poema horien esküizkiribüak badütügü Périaren paperak direla medio:

MS 64 [Poème à M. Legouvé] : 2 or., 22x16cm, Monsieur monsieur [sic] le procureur MS 59 [Poème à M. Clérisse] 2 or., 22x16 cm [1833], Monsieur monsieur [sic] le procureur

 

Lehen dokümentüa (MS 64)  estatü gaixtoan da, papera zinez zahartürik da, izkiribüa irakurgaitz baratzen da, eta ankrearen kalitateak ez dü lagüntzen. Paperak 13 kobla ekarten dütü, denak oro eüskaraz, eta dokümentüaren hatsarre eta ürrentzean, Etxahunen ohar zonbait badira frantsesez. Kantore hortan, Etxahunek Legouvé goresten dü, eta kontatzen dü nola jaun horrek galtegin deion bere bizitzearen kantorearen izkiribatzea. Üsatü bezala, Etxahunek satira ez dü hürrün eta 7. Koblan Etxahunek Legouvé-ri ezkontzeko adinean dela ohartarzten deio :

“Entzün düt Musde Legouvé zirela emazte gabe
Andere eder aberats bat espusa ezazü heben
Parisera ziretenean eginen deizü ohore”

 

Ohartaraz dezagün halere, kantore hau bizirik baratü balinbada Barkoxe eta bere üngürüan, gaüza zonbait kanbiatü direla kobletan, hala nola Legouvé jaunaren izena bera, Barkoxtarrek lotsarik gabe deitü izan beitüe, Musde Hegobe...

Bigerren dokümentüa (MS. 59) estatü hoberexagoan da, eta testua irakurgarriago da. Bestea beno llabürxago da, bederatzü bertsetetako kobla ekarten dü. Jean Haritschelharrek dio bi kantore horiek balinba ber püntüan izkiribatürik izan direla. Aitzinekoa bezala, heben ere Etxahunen kantore laudazale bat dügü, eta koblakaria ez da düdatzen Clérisseren ohoratzea :

“izpiritüen ederra ümilitatea balin bada,
bena Musde Klarizarekin bi dohain hurak badira”

 

Haritschelharren ustez, bi kobla horiek 1833koak dira, eta balinba 1833ko ürrietaren 29an esküetara heltü zaitze jauner.

Azkenik, 1834ean, Etxahunek bere bizitziaren kantorea hontzen dü, eta hitzeman bezala, Clérisse eta Legouvé-ri emaiten. Manerala, eta ikertze güzien arabera, 1834 urtea lizate idazte urtea. Hau autopotreta gisa eraikirik da, adinez adin, Etxahunek kontatzen dü zer izan den bere bizia. Erran dezagün hor agertzen dela Etxahunen dohain majikoa : hitz ahal bezain gütirekin, koblak ezinago aberats eta gotorrak dira, denak untsa zirikatürik eta tiletez josirik.

Hona adibidez bere amaren kontre idazten düan kobla :

“Ene lehen urtea nüan karzeratüa
Amak idor bihotza bai eta titia
Ni küinatik marrakaz beinüan gosea
Amak ene nigarrez ez aldiz antsia
Nahiz egin lizadan jinkoak deitzea”

 

Péria funtseko dokümentüetan dira kantore hau eta bere ützülpena :

   
MS 63 [Poème de la vie d'Etchahun] 6 or., 20 x 13 cm, Monsieur le procureur du roy… MS 64 [Traduction du poème de la vie d'Etchahun] 6 or., 22 x 17 cm

Lehen dokümentüa (MS.63) untsa kontserbirik izan da. Orotara sei bat osto kontatzen dütü, eta kahier batetan josirik dira, Etxahunen beste manüskritoak ez bezala. Izkiribüa irakurtzeko aisa da, dokümentüa argi da eta ez sobera porrokirik. Kantoreak berrogeita zortzi bat bertset kontatzen dütü, hots kasik, bertset bat Etxahunen urte bakotxeko.

Bigerren dokümentüa (MS.64) aitzinekoaren ützülpena da. Ez da Etxahunen ber izkiribüa, balinba beste batek eginik dü, eta Haritschelharrentako ez da hortan düdarik. Dokümentüa ez da izenpetürik.

 

Ürrentzeko

Ürrentzeko, erran dezagün Etxahun Barkoxeren kantoreak mingarriak izan direla beti, izan dadin bere bürüarentako, ala bere üngürükoentako. Lüzaz, Etxahun gizon maradikatüa izan da Barkoxen. Bere bizitze ezaxol, ezengokor eta atipikoak herritarren mesfidantxa sorrarazi dü, eta bere fama urte lüzeetan ülüntü. Jean Haritschelharrek tesia izkiribatü düanean, azkenekotz ez-üsatüzko gizon honi koblakari titrea emaiten deio. Haritschelhar dela medio, Etxahun ezdeus izatetik poeta izatera bilakatü da.

Etxahunen kantoreak kantatü dira hanitx, bena zonbait ixiltü ere. Ximun Haran dela medio, Etxahunen kantore hanitx grabatürik izan dira eta orozbakoz salbatürik. Ni bezalako jente gazteak gisa horrez dütü ikasi Etxahunen kantoreak. Aski da Lohidoy Barkoxtarraren kantan behatzea, Etxahunen hisdüraren entzüteko, eta karreatü dütüan sofrikarioen jakiteko.

Ez-usteko koblakari honen bizia izigarrikoa izan da. Hor dütügü jakile Baionako Eüskal Müseoko dokümentüak. Beste zonbait ere badira Departamentüko Artxibategian, eta Agen-eko artxibategian. Poetaren biziko gora-beherak, memento bühürriak bai eta besteak hüilanetik salatzen deizküe. Dokümentü horiek oroer zabalik dira. Emeki-emeki, oroen esküen artean izanen dira. Bilketa.eus webgüneari esker, eta bere nümerizazione xedeari esker, Etxahunen kantoreen kantatzeaz gain, orai bere izkiribüak ere irakurten ahalko dütügü Barkoxen, herri üngürüetan, Eüskal Herrian eta mündü osoan.

 

Eskuizkibu numerizatuak

Numerizatutako eskuizkribuak Bilketan aurki ditzakezu :

 

Bibliografia

 

 

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa