3D teknikak 19. mendetik : Estereoskopia

Bi dimentsioko irudi lau batek bolumenez eta distantziaz osatutako gure mundua ez du partez baizik itxuratzen. Historian zehar, artista ugari egoera horri aurre egiten saiatu dira, eta estereoskopia behin baino gehiagotan arrakastaz ikertua izan den norabide bat da.

Estereoskopia honetan oinarritzen da: “Erliebea ikustea, gai beraren bi irudi desberdinen aldibereko inpresioa begi bakoitzaren bidez errezibitzea da” (Euklides, ~ 300 K.a.). Ondorioz, bi irudiren sortzeak bakar baten ordez, eta bakoitza dagokion begiari igortzeak lortzen dute burumuinak irudi bakar baten ikustea… erliebean.

Emaitza horretara iristea ez da aise. 15. mendean, Leonardo da Vinci irudi bakoitzaren perspektiba kalkulatzen saiatzen da, bi begi globoen arteko distantzia kontutan hartuz. 16. mendean, Jacobo di Chimentik gai bera bi angelu desberdinetatik ikusirik marrazten du, bakoitzak begi baten ikusmena itxuratzen duelarik, baina erliebearen efektua ikusle bakar batzuek beren ikusmena beren baitarik egokituz baizik ez daiteke sor.

1838an, Sir Charles Wheatstone-ek estereoskopoa asmatzen du: miraila joko baten bidez, pertsona batek parez pare ezarritako bi irudi aldi berean ikusteko tresna bat. 1850an agertutako Holmes-en estereoskopoa, aldiz, karta estereskopikoei behatzeko baliatzen da: kartoia berean elkarren ondoan ezarritako bi irudi, tresnaren baitan jarritako holtza bertikal soil batek begi bakoitzari ez doakion irudia gordetzen diolarik, burumuina hiru dimentsiotako irudia sortzea behartuz. Argazkiaren asmakizunari uztarturik (ofizialki 1839an, Wheatstone-en estereoskopoaren urte bat berantago, hots), formatu horrek arrakasta izugarria lortuko du. Tresna estereoskopikoak (begien arteko tartea simulatzen dituzten bi objektiboz osatutako argazki tresna batzuk) formatu handiak lehenesten dituzten argazkilaritza klasikoarendako baliatutako tresnak baino ttipiago eta garraiatzeko errazagoak dira. Argazkiak estereoan hartzea laster zabaltzen da, eta 20. mende erdialdea arte garatzen.

Beste teknika batzuk agertuko dira ondotik, hala nola anaglifoa (1891an asmatutako teknika): ikuslearen begien aitzinean bi kolore desberdineko filtro (3D betaurrekoak) bati esker irudi inprimatu bat erliebean ikusten den, baita era “aldi bereko proiekzio polarizatua” edo “aldizkako proiekzioa”, gehiago zinemarendako pentsatuak.

Ipar Euskal Herriko lehen irudiak

Pau-Pyrénées hiri elkargoko André Labarrère mediatekak irudi estereoskopiko bilduma handi bat badu, numerizatu duena eta sarean ezarri. Euskal Herriari dagozkion plakak (44 unitate) oraindanik Bilketaren bilaketa motorraren bidez eskuragarri dira.

Irudi zaharrenak salmentarako ziren bildumetatik heldu dira: argitaletxe batzuk argazkilariak igortzen zituzten modan ziren gune turistikoetara toki, monumentu eta eguneroko biziaren irudien egitera. Ondotik, plakak salduak ziren gaika, andanaka edo bakarka. Ipar Euskal Herria, helmuga turistiko berri gisa, anitz agertzen da multzo horietan. André Labarrère mediatekako bildumetan bereziki “Pyrénées” izeneko andana bat bada, 1858koa, Baiona (katedrala, Marines etorbidea, pont-Neuf zubia), Biarritze (Eugenia etxea, arrantzaleen portua, bainuak…) Donibane Lohizune (Infantearen extea) eta Kanboko inguruak (Itsasuko Atekagaitz) erakusten dituenak.

Biarritz vue prise de l'Atalaye
Biarritz : Vue prise de l'Atalaye - André Labarrère mediatekako bildumetatik – Lotura
Gorges du Pas de Roland

Gorge du Pas de Roland, près Cambo - André Labarrère mediatekako bildumetatik – Lotura

“Voyage aux Pyrénées”  izeneko beste andana bat, 1862-1863 urteetakoa, Jean Andrieu (1816-1872) argazkilari ospetsuaren obra da. Pirinioak, Italia Suitza, Savoia, Palestina, Siria eta Egiptoa kurritu aitzin, Euskal Herritik abiatu da. Ohargarri da bere aitzineko anonimoaren herri berak eta kasik monumentu berak hartzen dituela: Baiona (pont-Neuf zubia, Santa Izpirituko zubia, Marines etorbideak), Biarritze (Eugenia etxea, pont-Vieux zubia), Donibane Lohizune (Luis XIV.aren etxea) eta Kanbo.

Villa Eugénie Biarritz - Andrieu

Voyage aux Pyrénées : Villa Eugénie à Biarritz, Jean Andrieu - André Labarrère mediatekako bildumetatik – Lotura

Saint Jean de Luz - Louis XIV - Andrieu

Voyage aux Pyrénées : Maison de Louis XIV (Saint-Jean-de-Luz), Jean Andrieu - André Labarrère mediatekako bildumetatik – Lotura

Beste bildumak

Pyrénées 3D bilduma

André Labarrère mediatekaren bilduma 581 irudiz osatua da, Pirinieo guzietakoak. Horren baitako hautaketa bat webgune berezi batean agertzen da : Pyrénées 3D.

CLEM, Girondako elkarteen biltzarra Archéovision ikerketa unitateekilako elkarlan bati esker, irudi guziak garbituak izan dira, eta numerikoki tratatuak anaglifa gisa agertzeko. Ondorioz, webgunea 3D betaurrekoekin (urdin/gorri) behatzeak literalki beste dimentsio bat ekartzen dio.

Ipar Euskal Herriko 17 irudi “Pays basque” atalean agertzen dira.

 

Trou Madame à Biarritz

Trou Madame à Biarritz, 1868 - André Labarrère mediatekako bildumetatik – Lotura

Archéogrid

Archéogrid CLEM eta Archéovision egituren elkarren katalogoa da. Akitania osoko 6 200 irudi eskuragarri dira, notizia biziki osatuekin. Horietarik 230 Ipar Euskal Herriari buruz dira.

Abadia, Hendaye, vers 1910, archeogrid - Lotura

Baionako Euskal Museoa

Ipar Euskal Herriko irudi estereoskopiko funtsik handiena Euskal Museoan daiteke. Museoko artxiboetan aise gehiago gordetzen badira ere, sarean eskuragarri den katalogo numerikoak 769 irudi estereoskopiko erakusten ditu. Turismoari ez hain emana, bilduma horrek herri eta herrixkak anitzez gehiago erakusten ditu (bereziki Nafarroa Beherea eta Zuberoa) eta gai desberdinei lotzen da, izan daitezen kultura, etnologia ala agro-pastoralismoa.

Jour de marché à Garazi

Jour de marché à Saint-Jean-Pied-de-Port –1895 inguru – Euskal Museoko bildumetatik – Lotura

Vue de mascarade à Viodos

Vue de mascarade à Viodos – 1920 inguru  – Euskal Museoko bildumetatik – Lotura

Filipeau allant chercher les gerbes

Le Père Flipeau allant chercher les gerbes – 1909 inguru  – Euskal Museoko bildumetatik – Lotura

Bibliografia

Izendatutako funtsak:

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa