Louis Floutier (1882-1936)

Louis Floutier
Louis-Benjamin Floutier - Argazkia: La Pelote basque – La Côte enchantée, 1932

Louis Floutier (1882-1936) ez da Euskal Herrian sortu, baina Okzitaniako Tolosan, 1882an. Han ditu, arte-ederren eskolan, ikasketa artistikoak abiatu. Nahiz eta eskolatik saridun atera, aski ez dakiela erabakitzen du, eta Pariseko arte-ederren eskolan segitzen du, eta handik ere saridun ateratzen da. Biziki fite, primak metatzen ditu (Erromako sariko lehen pentsioduna 1905an, Chevanard sariko bigarren irabazle…) eta bere fama handitzen hasten da

Gerlak, aldiz, bere ibilbidea desbideratuko du. Bere baitarik engaiatua, bere artea herriaren zerbitzuko ezartzea erabakitzen du eta Artilleriako 13. erregimentu eta 1. Ingeniaritza taldean sartzen da, kamuflatzaile gisa. 1991an, gerla bukaturik, ez da Parisera itzuliko, baina Donibane Lohizunen jarriko, eta lubakietan ezagututako Lukas eta Etienne Vilotte artistekin batera, Ziburuko arte eltzegintza sortuko du. Bi urtez hor arituko da, gresezko ontziak apaintzen eta antzinateko Greziako forma eta inspirazioa euskal erregionalismo moderno bati nahasiz euskal apaindura-arte berri baten asmatzen. Eltzegintzak 1995 urtea arte iraunen du, arrakastarekin,  lehen urteetako obrak oraindik bilatuenak direlarik, besteak beste 2005ean liburu bat dedikatu zien Karl Lagerfeld bezalako esteta batzuengandik.

1922an, Donibane Lohizuneko Pergolako tailerrean plantatzen da, bakarrik, eta Euskal Herria, haren paisaiak, ohiturak eta biztanleak tindatzen hasten da. 1936an Donibane Lohizunen hiltzen delarik, milako bat obra baino gehiago eginak ditu, gaur egun bilduma pribatu edo publikoetan sakabanatuak direnak.

Euskal Herriaren amodioa

Floutier ez da Euskal herrira hautuz etorri, baina halabeharrean. Eta atxikimendua ez da segidan sortzen: “herri hau ez da bere baitarik eskaintzen, ez du inolaz ere lehen urratsa egiten: estimatzen eta maitatzen duzu luzaran.” Bizkitartean, xibaleta Urruñatik Azkainera eramanez, Donibane Lohizunetik Mutrikura, otearen kolore doinuak ikertuz edo “Aturri urdinago denez” Arnagaren gainaldean xerkatuz, iritziz aldatuko da. Artista inpresionista anitz bezala argiaz maitemindua, itsasoak, mendiak eta Lapurdiko etxaldeen aitzinalde zuriek laster biltzen dute.

Paisaia margolari gisa ezaguna bada, Floutier pertsonei ere biziki interesatzen da. Tindatuko ditu – edo marraztuko – topaketa, dantza edo joko agerraldi anitz. Pilotari usu lotuko da, pilota plaza anitzetako hainbat partida  tindatuko eta jokalari anitz marraztuko, kirola horren “jarreren zalutasuna” erakusten saiatuz. Duen interesa hain ezaguna da non La Pelote basque – La Côte enchantée aldizkariak omenaldi bat eskainiko dion 1932. urteko alean.

Pilota, birlak eta fandangoa

Gaur aurkeztutako obrak Baionako Mediatekak FRAB Aquitaine dispositiboaren laguntzari esker berrikitan (2014 eta 2016an) erositako lanak dira.

Hiruak kolorezko marrazki-moldez grabatutako lanak dira Euskal Herriko eszena tipiko, berdin folkloriko, aurkezten dituztenak.

Danse basque - Floutier

Lehena [euskal dantza] izendatua da eta 1922 inguruan egina izan daiteke. Lau dantzari eta bi musikari (txistularia eta danborraria) agertzen dira, fandango bat izan daitekeen dantza baten ematen. Jantziak hiritar eta ohizko kostumen artean dira, baina denek espartinak daramatzate eta gizon guziek boneta janzten dute

La partie de jeu de quille - Floutier

Bigarrena, [birla jokoa Euskal Herrian] izendatzen da, bilduma berekoa da eta hain segur garai berekoa. Birla jokalari bat agertzen da, parean dituen hiru birletarik baten kontra zurezko bola baten botatzeko prest, aurkariak izan daitezkeen zutik diren bi gizonen begi erneen pean, beste bi gizon aulki batean kalakan ari direlarik. Arno beltza botila eta baso bat badaukate ondoan, eta, nola ez, bonet bat bada buru bakoitzean.

La partie de pelote à main nue - Floutier

Hirugarrenak eskuzko pilota partida bat erakusten du, Dantxarineko plazan. Jokalariak egiazko ingurumen batean ezarriak dira, eta ikusiz gibeleko planoko detaileak edo itzal jokoak harri edo ikusleen xamarretan, agerraldiak egiazki gertatzean egina dirudi.

Obra numerizatuak

Obra horien bertsio numerikoak Bilketan aurki ditzakezu:

Bibliografia

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa