Euskararen jatorria jakintsu ugarik argitu nahi izan duten misterio bat da. Horretarako, aditu bakoitza eskupean zituen baliabideetan oinarritu da, izan daitezen, garaien arabera, zientzia, etimologia, literatura, arkeologia edo antropologia. 19. mende hastapenean, “aro teologikoko” euskaltzaleek baliatu dute beren ustez osoki fidagarri, egiaztatu eta eztabaidaezina den dokumentu bakarra: Biblia.

Dominique Lahetjuzan (1766-1818), apez ihardukitzailea

Argainea, Dominique Lahetjuzanen sortetxea, Saran. Argazkia euskomedia.org

1766ko martxoko 7an sortua Saran, Dominique Lahetjuzan apez ordenatua da eta Sarako bikario izendatua  1790ko martxoan, zenbait hilabete 1790ko azaroaren 27ko dekretua baino lehen. Frantses iraultzatik sortutako legebiltzar konstituziogileak bozkatutako dekretu honek apez guziak behartzen zituen juramentu honen egitea:

“Niregain utzitako parrokiako [edo diozesako] elizatiarrak arta handiz beilatzea, nazioari leial izatea eta Legebiltzar Nazionalak dekretatutako eta erregeak onartutako Konstituzio berria ene ahal guziaz mantentzea zin egiten dut.”

Lahetjuzanek zin egiteari uko egin zion eta apez “ihardukitzaile” bilakatu, estatuaren aurka jarritako apez horien aldera errepresioa handitzen zelarik, odoltsu bilakatu arte. Lehenik hurbil zuen mugaz haraindian errefuxiatua, klandestinoki Sarara itzuli zen, “Alegia bidian saltzeko gasna pheza, Gordez kofesatzen, benedikatuz ezkontza.”(1). Salatua, traditua, lasterkatua behin baino gehiagotan, behin atxilotua izan zen ere, baina, legendaren arabera, eskapatu egin zen eramaten zuten bi jendarmeak urera bota ondotik Apezaren zubia deituko zen zubitik.

Heriotz zigorrara kondenatua defautez, haren ondasun guziak (familia etxaldeko bere ondoriotasun partea) hartuak izan zaizkion. Herritarrek sostengatzen zuten, zinpeko erretore konstituzionalaren ofizioak utzirik, ezkontza edo bataioak Zugarramudiko auzo herrian edo Lahetjuzanekin gordeka eginez. Saratarrek jarrera hori biziki gogorki ordaindu zuten, haietarik 200 baino gehiago deserrituak izan baitziren, Iraultzaren aurkako jokamoldeengatik, 1795ko neguan.

Euskaltzale ez jakina

Ofizialki, Dominque Lahetjuzan Sarara itzultzen da 1801an. Ondotik, bere denboraren parte handi bat, eta jakintsu bat izatea (teologia eta filosofia Okzitaniako Tolosan ikasi ditu) baliatuko ditu Bibliako jatorrizko hizkuntza, Adam eta Evak Edeneko baratzean erabilia, eta inplizituki Jainkoak berak, euskara dela frogatzen saiatzen.

Hizkuntza adamikoaren bilaketa jadanik modan bazen, Frantses Iraultzaren ondotik interes politiko bikoitza hartu du. 1794an Grégoire abadeak argitaratutako “Rapport sur la Nécessité et les Moyens d'anéantir les Patois et d'universaliser l'Usage de la Langue française” (Basa mintzairen suntsitzea eta frantses hizkuntzaren erabileraren unibertsalisatzearen behar eta ahalei buruzko txostena) dokumentuak, non frantsesa “unibertsalizatzea” herritar guztiak “jendetza nazionalean urtarazteko” eta “herri bat sortzeko” proposatzen den, erreakzio azkar bat sortu du: herri baten defentsa haren hizkuntzaren defentsatik doa. Eta zure hizkuntzaren antzinakotasuna frogatu, beste bati konparatuz ala beste guztiei, haren balorea erakusteko manera bat da, edo bide horretarik haren suntsitzea etsiarazteko entsegu bat.

Bilaketa horren bigarren interes politikoa Bibliako Genesia liburuan oinarritzean da: frogatuz zein hizkuntza baliatua zen Edeneko baratzean, frogatzen da de facto baratze horiek izan direla, Bibliako kondairak benetakoak direla, eta Argietako filosofoek goraipatutako Arrazoia makur dabilela.

Borroka ideologiko, politiko eta sasi-zientifiko bat abiatuko da beraz 18. mende hastapenean Frantzian, Espainian, baita Europa guztian ere, hizkuntzen lehenagotasun eta inplizituki hierarkiari buruz.

Arrazoinamenduak, aldiz, beren garaikoak dira, eta sinesgarritasun osoa galdua dute bi mende berantago irakurtzen direlarik. Bretainian, adibidez, Théophile de la Tour D’auvergne saiatzen da frogatzen behe-bretoiera, bere ustez lehengo Zelteratik hurbilen den hizkuntza, Europako hizkuntza guztien jatorrian dagoela, bere jainkoen izenen etimologiak beren sorrera azaltzen baitute. Lahetjuzanek erantzuten dio “behe-bretoiera originala dela ezin dugu ondorioztatu, nahiz eta paganoen jainkogonia azaltzen duen, paganismoaren abiatzea munduaren sorreraz geroztikakoa baita. Frogatzen duen gauza bakarra da jainko faltsu horien sorrera baino zaharragoa dela, haien moldatzearen buru izan baita.”

“Essai de quelques notes sur la langue basque, par un vicaire de campagne sauvage d’origine” (Euskarari buruzko nato batuen entsegua, baserrialdeko bikario baten gandik, jatorriz salbaia)

Jatorrizko hizkuntzaren bilaketa mugimendu hartan, euskara erregularki izendatua da, bere gaitzesleekin, horietarik zelarik 1802ko Diccionario Geográfico-histórico de España-ko “Navarra” artikuluan euskara edo Euskal Herriaren aspaldikotasuna bortizki ezeztatu zuen Don Joaquin de Tragia, eta bere sustatzaileekin, horietan sartzen ahal delarik Pablo Pedro Astarloak egindako erantzuna Apología de la lengua Bascongada, ó ensayo crítico filosófico de su perfeccion y antigüedad sobre todas las que se conocen : en respuesta á los reparos propuestos en el diccionario geográfico histórico de Espana, tomo segundo, palabra Nabarra (1803) liburuan.

Gaitzesle horietatik bati erantzunez, Montuengan apeza zegoen D.J.AC bati, idatzi duke Lahetjuzanek bere Essai de quelques notes. Inprimakia, biziki laburra (25 orri), Baionan inprimatua Cluzeau anaien irarkolan, luzaz gaizki ezagutua egon da (Julien Vinsonek huts baten ondorioz Pierre Diharce de Bidassouet-en gain emana zuen), Philippe Veyrin-ek argitara ekarri arte 1923 eta 1924an Gure Herria aldizkarian hiru partetan argitaratutako artikulu batean.

Liburua zortzi “notaz” osatua da, sarhitza batekin.

Lehen nota

Lehen nota sarrera bat da, umiltasunez lanaren helburuak eta autorearen motibazioak azaltzen dituenak:

“Nire buruari ematen diodan lanak, nahiz eta den guztiz ttipia izan, hizkuntza bizien eta itzalitakoen zientzia eskatzen du; euskararen ikerketa biziki sakon baten bidez betetzea saiatu naiz, eta espero dut nehork ez dituela gaitzetsiko egin ditudan indarrak. Frantsesa ez da nire hizkuntza; onginahiz begiratu behar dira beraz ene estilo edo gramatika hutsak.”

Bigarren nota

Bigarren nota La Tour D’Auvergne bretoinaren lanei buruz itzulia da. Haien konklusioak ezeztatzen baditu, ikerketak segitzearen beharra azpimarratzeko baliatzen ditu.

“Uste zuen antzinate ohoragarriari buruzko jakitatea altxatzeko, hizkuntza primitibo baten zientzia jakintsuei beharrezkoa zaiela, gau ilun baten erdian, itsas arrokaz inguraturik, iparra galdu duen nabigatzaile bati iparrorratzaz, mapez eta itsasorratzaz baliatzea beharrezkoa zaion bezala, bere bidea aurkitzeko eta hondatze baten arriskuak saihesteko.”

Hirugarren nota

Hirugarren notak Lahetjuzanen hastapeneko oinarria azaltzen du:

“Euskara jatorrizko hizkuntza bat da; Genesiaren jainkotasunak erakusten du vice-versa bezala; euskararen jatorrizkotasunak Genesiaren jainkotasuna erakusten du. Azken adierazpen hori frogatuz, ohorezko eta loriazko omenaldi zintzo eta zuzen bat eginen diot israelita eta giristinoen sinesmenari; Horren lortzea espero dut, euskarazko jatorrizko hitzen egiazko eta zilegizko etimologiak emanez: arau zorrotza gisa nire buruari eman diot hitzen interpretatzea sistemarik edo ustekizunik gabe eta hizkuntza horren euskalki guztietan aho batezko onarmenak jarraikiz.”

Laugarren nota: Gorputza eta arima

Laugarren nota bi hitzen ikerketa etimologikoari dedikatua da : Gorphutz eta Arima. Bi hitz “ez direnak batez ere atzerritar hizkuntza bati hartuak, nahiz eta balitekeen horietarik batzuek hari hartua izatea”.

Hona Gorphutz hitzari buruzko zati bat:

Gorphutz hiru hitz horietaz osatua da go-or-phutz; go-k erran nahi du goikoa dena, gainekoa; or, orra, orratce-k erran nahi du oratu; phutz bafada bat da, edo ekai bafadatzaile bat. Termino horrek entzun arazten digu beraz goiko jaunak oratutako ekai bafadatzaile bat dela; euskaraz duen zentzu bakarra da: agerian uzten du gizakiaren gorputzaren sorkuntza usaintzen duela. (…) gorphutz terminoak berdin adierazten du fecit hominem ex humo terrae.”

Ondorioa nabari bilakatzen da:

“Euskarak hitzak baditu gorputza eta arima adierazteko, beren baitan daramatena Moisesek lehen gorputza eta lehen arimaren sorkuntzaz diona. Euskara Genesiaren egiatasunaren froga bizi bat da; euskarak horrelako hitz ugari dauzka gauzen jatorriei lotuak: Genesiarekin ados, beti.”

Bosgarren nota

Bosgarren notak Arnoa hitzaren jatorria azaltzen du

Arno euskarazko jattorizko eta adierazgarri den hitz bat da; bere etimologia Noeren asmakizuna da; egia, euskaraz ar hitzak ez du beste erran-nahirik sorkuntza, asmakizuna, eraketa, luzatzea, jatorrizko ekoizpena aparte: loturazko analogia bada hitz guzti horien artean: no Noe izena gisa hartzen da. Moisesen arabera, patriarka horrek, ofizioz laboraria, lurra lantzen hasi zen, mahatsa landatu zuen, eta horretarik arnoa edan zuen. Ohar zaitez hemen Genesia eta euskararen arteko adostasun miresgarria: arnoaren esukarazko izenak, arno, literalki Noeren asmakizuna, gelditzen da arnoaren jatorriaren betiereko monumentu bat.”

Seigarren nota: Adam, Abel, Kain, Kam, Seth eta besteak

Seigarren notak lehen patriarken izenak aipatzen ditu, “euskaraz [Moisesek] ematen dizkigun ideien araberako zentzua dutenak”. Aurki dezakegu:

Adam 

“Adimendu betetasuna erran nahi duena”; “Am betetasun, mukurutasun, etab. da. Eta euskara garbiak ez du ad aparteko erran molderik adimendua adierazteko. Horrela, entzutea erraten da aditcea, literalki adminendua ukatea.”.

Kain

“Egitate txar bat egin duen gizon baten ideia eskaintzen diguna (…)”Euskaraz eta zenbait beste hizkuntzetan Ca-k naturak gorrotatzen duen zerbait adierazten du, zerbait higuingarria, nazkatzen duena; in edo eguin-ek erran nahi du egina izan dena. Horrela erraten da in-duc, eguinduc, egin duk, bete duk.”

Abel

“Abe, abre, abere, erran nahi du aberea, animalia; el edo hel: hel egin, deitu, hurbildu, iritsi: hitz horiek zentzu hori daukate eta ez besterik. Abel izenak irudikatzen du beraz hel egiten duen gizaki bat, beste bat deitzen duena, beste batez hurbiltzen dena, beste batera iristen dena abereen bidez."

Kam

"Noeren bigarren semearen Kam izeneko Cha horrek [va baino] oraindik txarrago den ekintza bat adierazten du, higuingarriagoa, okaztagarriagoa; 1° hats hartzeak indar gehiago ematen baitio; 2° am-en zentzuari loturik, aitzineko notan azaldua. Ez dut ohar hori egiten euskara eta Genesiaren arteko lotura erakusteko bakarrik, baina gehiago Kam suaren asmatzailea dela, deusetan oinarriturik, beren irudimenak horrela nahi baitu cha cal -etik (berotasuna) desbidera araziz, aitzinatzera ausartzen diren Jauntxo horien hipotesia zenbateraino faltsua den erakusteko."

Laranja, jatorrizko fruitu debekatua

"Laranja bat euskaraz lalanja deitzen da, edo hobeki, laranja, bigarren L-a R goxo eta ez letaginala batez ordezkatuz. Laranjaren etimologia da fruituen artean lehenik jana izan dena. Hortik, frogatutako egiatzat daukat  laranja zela gure arbasoei debekatutako fruitua." 

La chute de l’Homme, par Rubens et Bruegel, 1615. fruitu debekatua laranja bat izan behar zen. Iturria wikipedia


Zazpigarren nota: Eva

Eva gure "jatorrieko ama"-ri nota oso bat dedikatzen dio, nahiz eta izenaren etimologia hastapenean sinple dirudienez:

"é-k erran nahi du ez, ukapena. Euskaez du beste hitzik baieztapena errateko ba edo bay baizik. Eva-ren etimologia ez eta bai da beraz, ukapena eta baieztapena, ezereza eta izatea."

Zortzigarren nota: asteko egunak

Azken nota huntan, Lahetjuzanek agerian ezartzen du asteko zazpi egunen izenek, jatorri etimologikoak deskonposatuz geroz, "Kreazioaren hainbeste aro oroitarazten dituzte, Moisesek azaldu bezalakoak."

 

Lan horren ondorioa errepikakorra ager daiteke, baina autorearen ustez azpimarratzekoa:

"Fede txarrekoa izan behar da ez aitortzeko Genesiaren egiak euskal hizkuntzaren jatortasunak frogatzen dituela, eta alderantziz, Pentateukoak euskal hizkuntzaren jatortasuna."

 

Dokumentua numerizaturik

Dokumentu hunen bertsio numerikoa Bilketan aurki dezakezu helbide huntan: http://gordailu.bilketa.eus/zoom.php?q=id:120134

Bibliografia

(1) «(…) Alegia bidian saltzeko gasna pheza, Gordez kofesatzen, benedikatuz ezkontza. » Sarako Larralde Madalenaz, An. "Lapurtar bat", 1894 http://www.susa-literatura.eus/emailuak/abbadia/abba386.htm

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa