Jean Martin Hiribarren (1810-1866)

Jean Martin Hiribarren (1810-1866)

Jean Martin Hiribarren, Juan Martin Hiribarren edo Martin Hiribarren deitua izan dena, Azkainen sortu zen 1810eko maiatzaren 8an, eta 19. mendeko euskal autore anitzen gisan, elizgizona zen. Apez izendatua 1833an, Urruñako bikario izan da urte berean, eta Bardozekoa ondoko urtean. Herri hartan egonen da, erretore gisa 1839tik goiti, kasik bizi osoan.

Hiribarren olerkaria da, eta horrela ezagutua, bereziki 1853an Escaldunak olerkia argitaratu eta. Lan horren gatik alegiak idatzi zituen Goyetche abadeak erran zuen : “Koblakaria(1) agertu da. Bere olerki erne eta pindartsuek, hizkuntza garbi eta dirdiratsuan, kobladura eder eta jarraikian, [bere alegiei] hainbeste die itzal egin, nun sakristau batek autoreari sudurrera bota zion errimaxkak baizik ez zirela.(2)

Euskalzale amorratua da ere, garaiko pertsonalitate ezagunekin lan egiten duena: Augustin Xaho, Duvoisin kapitaina edo Goyetche abadea.

Hiribarrenen hiztegia

Hil ondoan utzi dizkigun eskuizkribu andanan, horietarik anitz gaur egun Baionako Euskal museoan atxikiak direlarik, aurki daitezke gramatika saiakera bat, erran zahar bilduma bat, liturgia itzulpenak, edo 1248 bertsoko olerki bat Iruñeko bestei buruz, baita ere altxor bat inoiz argitaratu ez dena : bere hiztegia.

Jatorrizko eskuizkribua 70 eskola izariko kaierez osatua da, bi bolumenetan josia, 483 eta 438 orrikoak, izkinadun erdi-larruz lotua, lau zainetakoa, izenburu urreztatua. Hiztegiaren sarrera guziak euskaraz dira, biziki ongi zaindutako ordenu alfabetiko batean. Itzulpenak edo definizioak frantsesez dira. Euskalki nagusia lapurtera dela ematen du, nahiz eta autoreak Larramendi edo Xahoren neologismoak biltzen dituen ere.

Anton Abadiaren laguntza eta sostengua baliatuz ere, Hiribarrenek ez du lortuko bere obra inprimaraztea, baina lan horren parte handi bat beste hiztegi batzuetan baliatuko da, hala nola Lhande-enean 1926an.

Hiztegiaren edukia

Hiztegia biziki aberatsa da, zerrendatuak diren hitz kopuru izugarriagatik, baita ere autorearen hautuengatik. Adibide batzuek hori hobeki neurtzen laguntzen dute.

Hitzen deklinabidea

« Aakal : respiration, haleine, manque de respiration. Etym. a, ouverture, aspiration, gal, perdre : a-ahal-gal, perdre respiration »

Aakal, hats, arnas, hats eskas. Etim.  A, irekitzea, hats hartzea, gal, galdu: a-ahal-gal, arnas ahala galdu”

Hiztegiko lehen sarrera “Aakal” da. Haren segidan agertzen dira “Aakaldu”, “Aalkatze” eta “Aalkor”, lehenetik deklinatutako hitzak. Hiztegi horren ezaugarri bat da autoreak sistematikoki hitz erro baten deklinabide guziak zerrendatzen saiatu dela, usu baliatuak izan ala teorian soilik baliagarriak. Hautu batzuk neurriz kanpokoak agerturik ere, aberastasun handi bat eta exhaustibitatearen hurbiltze interesgarri bat sortzen dute.

Beren garaiaren lekuko diren hitzak

« Airetikako, maladie aérienne, action de nuire aux hommes, aux animaux, aux fruits, par de prétendues opérations magiques ; espèce de magie qu’on emploie pour causer du mal à quelqu’un, par l’intervention des esprits des tenèbres »

Airetikako, aireko eritasuna, gizakiei, kabalei, fruituei kalte egiteko ekintza, balizko eragite magikoen bidez; norbaiti kalte egiteko baliatzen den magia, ilunpeko izpirituen laguntzarekin.”

“Airetikako” hitzaren definizioak hainbat euskaldunen eguneroko bizian sorginkeriaren aztarnek gaurkotasuna bazutela erakusten du.

Hiztegian agertzen den hitz gehiengoa gaur egun oraindik baliatua bada, batzuk desagertu dira, beste batzuek ordezkaturik, edo gizarteak haien beharrik ez baitzuen gehiago.

Pertsona izen batzuk

« Achular : nom d’un auteur basque curé de Sare en 1642. Etym. anchularre, lande propre à élever des agneaux qui viennent d’être sevrés. La maison de l’auteur de Geroko gero se trouve à Urdazubi, au pied d’une montagne toujours couverte de jeunes brebis. Ce nom s’est écrit Axular, par l’ignorance où l’on était de rendre dans l’écriture le son des mots. »

Achular, 1642an Saran erretore zegoen euskal autore baten izena. Etim. Anchularre, higuintzatako bildotsen hezkuntzarako larreak. Geroko gero-ren autorearen etxea Urdazubin dago, beti axuriz betetako mendi baten oinean. Izen hau Axular idazten da, idazketaren bidez hitzen soinua itzultzen ez baitzekiten.”

Nahiz eta arraro izan, pertsona izen batzuk agertzen dira, besteak beste Axularrena. Hiribarrenek ideia zehatzak zituen euskaraz baliatu behar ziren ortografia arauei buruz. Ç hizkiaren erabileraren kontra zen eta historiak – gai horretan- arrazoi eman dio. Aldiz, X-ren uztearen bidezkotasunaz jende gutxi baizik ez du konbentzituko.

Zenbakiak

« Ehunetabat : cent-un »

“Ehunetabat, ehunta bat”

Exhaustibitate bilaketa hartan, ahal bezain bat deklinabide xerkatzeaz gain, Hiribarrenek zerrendatzen ditu ere ahal bezainbat zenbaki.

Lagunarteko erabilpena

« Gabach, habitant des gaves, lâche, sans honneur, malpropre. »

« Gabacho : gave, terme de mépris qui concerne les habitants du pays des gaves, de petits ruisseaux. Etym. gabe -cho, sans silence, gain-cho, petit du haut en bas »

Gabach, uhaitz herrietako biztanle, koldar, ohore gabekoa, xikin.”

Gabacho, uhaitz, mespretxuzko hitza uhaitz eta lats ttipitako herrietako biztanleentzat. Etim. Gabe-cho, ixiltasunik gabe, gain-cho, ttipia gainetik behera.”

Bere hautuetan, Hiribarren lagunarteko erabilpeneko hitzak sartzen ditu, edo testuinguru desberdin batekin hitz batek har lezakeen lagunarteko zentzua seinalatzen du.

Etimologia harrigarriak

« Garona, Garonne, fleuve qui longe Bordeaux. Etym. gale-on, courant rapide, bon coureur. Il n’est pas douteux que ce nom soit basque. Burdigala, nom primitif de Bordeaux ne l’est pas moins : be-urdi-gale, qui laisse couler en bas quantité d’eau »

Garona, Garonne, Bordele zeharkatzen duen ibaia. Etim. Gale-on, korronte azkarra, lasterkari ona. Dudarik ez da hitz hori euskalduna denik. Burdigala, Bordeleren jatorrizko izena, ez da gutiago: be-urdi-gale, behera ur anitz galtzen uzten duena.”

Hitz anitzentzat, Hiribarrenek etimologia bat proposatzen du. Nahiz eta doinu (biziki) irmoan idatziak diren, gehienetan autorearen iritzi pertsonalak baizik ez dira.

Aditz jokadura

« Hintuzken, hintuzkeien, hintuzketen : il te pouvait, ils te pouvaient »

Hintuzken, hintuzkeien, hintuzketen, zizaakeen, zizakiakieen, ziezaaketen, ziezkiaketen”

Hiribarrenek aditz jokatu andana bat zerrendatzen du, aditz laguntzaileak gehienez, baina aditz trinko batzuk ere.

Zenbaki deklinatuak

« Hiruhogoietahamalauka : par soixante-quatorze »

Hiruhogoietahamalauka, Hirurogeita hamalauka”

Zenbaki letania luzeez gain, aurki daitezke ere zenbaki deklinatuak, adibidez “hiruhogoietahamalauka”, (hirurogeita hamalauka), eta ondotik “hiruhogoietakamalaukatu” (hirurogeita hamalauka banatu), “hiruhogoietahamalauna” (hirurogeita hamalau eta hirurogeita hamalau) edo  « hiruhogoietahamalaunatu » (hirurogeita hamalau eta hirurogeita hamalauna bilakatu). Hitz logikoak, teorian baliagarriak, baina eguneroko elkarrizketetan kokatzeko zailak.

Iruzkin batzuk

« khuia : citrouille ; La prononciation de ce mot forme sur les joues la forme de la citrouille ; homme stupide, sot ».

khuia, kuia. Hitz horren ahoskerak kuiaren forma ematen dio matelei. Gizon zozoa, ergela.”

“Khuia” hitzaren definizioaz gain, Hiribarrenek gehitzen dut, maiz bezala, hitzaren lagunarteko zentzua, eta salbuespen gisa, ohar bat hitz hori ahoskatzen duenaren matelen formari buruz: hitzaren balizko jatorriari bati buruzko gogoeta bat?

Zuzun

« Zuzun, Zutzun : il était, ils étaient »

Zuzun, Zutzun, zuzun, zutuzun”

“Zuzun”, zen aditz jokaeraren alde alokutiboa hiztegiko azken sarrera da.

Eskuizkribuak numerizaturik

Eskuizkribu horien bertsio numerikoa Bilketan aurki dezakezu:

Baionako Euskal museoak hirugarren eskuizkribu bat gordetzen du ere, [Dictionnaire basque de A à H] izendatua eta Bilketan kontsultagarri (http://gordailu.bilketa.eus/zoom.php?q=id:196100). Ezezagun baten hiztegiaren kopia osatugabe bat da.

Bibliografia

  • Eskaldunac, J.-M. Hiribarren, 1853,
  • Les proverbes d'Hiribarren (1 et 2), Gure herria 1928-1929
  • Eskaraz eguia, J.-M. Hiribarren, 1858,
  • [Grammaire basque],  J.-M. Hiribarren, argitaratu gabeko eskuizkribua: http://gordailu.bilketa.eus/zoom.php?q=id:196101
  • [Lexique basque],  J.-M. Hiribarren, argitaratu gabeko eskuizkribua: http://gordailu.bilketa.eus/zoom.php?q=id:196102
  • L'abbé Martin Hiribarren et son dictionnaire basque, Pierre Lhande, 1925, Gure Herria
  • Dictionnaire basque-français et français-basque, dialectes labourdin, bas-navarrais et souletin : d'après le dictionnaire basque-espagnol-français de l'abbé R. M. de Askué et les dictionnaires manuscrits des abbés M. Harriet, M. Hiribarren et Pierre Foix., Pierre Lhande, 1926, Ed. Beauchesne
  • Juan Martin Hiribarren : 1810-1866, Xipri Arbelbide, 2011, Eusko Jaurlaritza

(1) Augustin Xahok Hiribarreni emandako izengoitia.

(2)    Pierre Lhandes-ek bere hiztegiko sar-hitzan aipatua

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa