Irudien bidezko bidaiak

XIX. mende bukaera eta XX.aren hastapenaren artean, argazkiaren garapenak – izan dadin klasikoa ala estereoskopikoa – munduko edo Frantziako eskualde guzietako paisaia deigarriak ezagutarazten ditu. Irudiaren erabilera zabaltzen da, eta karta postalaren sorrerak lurralde guzietara zabaltzeko aukera eskaintzen du.

Lurralde berri horien deskubritzeko gogoa baliatuz, baina argazkiaren errealismoan kontra-eskualdez joanez, argitaletxe bakar batzuek turismoak doi-doia deskubritzen dituen paisaia horien bilduma artistikoago batzuk zabaltzen dituzte.

Horretarako baliatutako teknika bat zur gaineko grabadura da. Inprimategietako teknika zaharrenetariko bat da, VII. mendetik ezaguna Txinan, eta XV. mendetik mendebaldean. Marrazki bat zurezko taula batean zizelkatzen da, hunki-gabe utziz (erliebean, beraz) koloreztatu nahi diren parteak, eta zilatuz xuriz utzi nahi direnak. Erliebean diren parteak tintaz estaltzen dira, arrabol ala tanpoi baten bidez, eta taula paper baten kontra tinkatua da. Erliebeetako tinta paperean inprimatzen da, eta marrazkia mirail moduan kopiatua. Horrelako obra gehienak xuri eta beltzez dira, beraz, grisa ñabardurarik gabe, edo bi koloretan, artistak marrazki beraren bi taula sortzen baditu, desberdinki grabatuak, lehenik kolorea estaltzeko, eta ondotik beltza.

1920 urtea inguru, Cognac-eko Chantecler izeneko argitaletxe batek Edmond Baugé grabatzailearekin lan egin zuen horrelako serie baten sortzeko.

Edmond Baugé (1891-1920)

Edmond Baugé 1891an sortu zen, eta Rennes-eko Arte Ederren eskolan ikasi zuen. Gerrak ez zion deus onik ekarri eta, etsaien balak saihestu bazituen, armadan zelarik tuberkulosialortu zuen, eritasun horrek ahuldurik utzi zuelarik bizi osoko. 1917an, akuaforte teknikari gisa ezagupena lortu zuen. Okzitaniako Tolosako L’Express du midi kazetak 1917ko maiatzaren 20an artikulu labur batez azpimarratu zuen Saint-Bertrand-de-Comminges herriari buruz egin zuen erakusketaren kalitatea. Ondotik, Saint-Nazaire, Carcassonne, Narbonako Saint-Paul-Serge, Nanteseko katedrala, Angers-ko Saint-Maurice eta Blain eta Chateaubriand-eko jauregiak ilustratu zituen.

l’Express du midi aldizkariaren zati bat - Rosalis - bibliothèque numérique de Toulouse

Ontotik, Chantecler argitaletxearekin lan egin zuen, zur gaineko grabadura proiektu batzuetan.

Haren lan ederrenen artean Arnagako lorategei buruz egin zuena geldituko da (Au jardin d'Arnaga, 1920), 15 grabadurako serie bat, haien jatorrizko marrazkiak Edmond Rostand berak hautatu zituelarik.

Au jardin d’Arnaga bildumako zati bat, éditions Chantecler, [1920]

Apaindu zuen ere Esquisses basques, René Nadaud-ren ipuin labur bilduma bat, baina ezin izan zuen La cité de Carcassonne bilduma bukatu, eritasunagatik zendu baitzen aurreikusitako 12 tauletarik 7 baizik ez zituelarik eginak. Obra hala ere argitaratu zen, egilea hil ondoan, 1921an.

1921 urriko l’Art et les artistes aldizkariaren zati bat

Eskual Herria, Edmond Baugé-ren zur gaineko grabadurak

1920an, gaur biziki arraro gelditzen den obra bat argitaratzen du: Eskual Herria, Gravures sur bois.

10 grabaduratako obra hau, marrazkien kalitatea eta grabaduren fintasunari esker biziki laketgarria denak, kontrastatzen du garai hartan agertzen ziren dokumentu osoki turistikoekin. Izenburua partez euskaraz da, garaiko aski harrigarria dena, eta irudien hautua usaiako bideetarik pixka bat urruntzen da. Ibilbidea ezin baztertutako Baionatik hasten bada (Génie zubia eta katedraleko kalostrapearen irudiekin), gutxitan agertzen den Urruñako pilota plazarekin. Ondotik Donibane Lohizune, Kanbo eta Donibane Garazi klasikoekin segitzen du, eta berriro urruntzen kokapen ezezagun Haursainako etxearekin eta Ainhoarekin, gaurko fama oraindik lortua ez zuen herri bat.

Azken irudia izan daiteke karta postaletan agertutako irudiekin gehien kontrastatzen duena. Negua deitzen da: elurpean dagoen Euskal Herri bat, bizirauten duena nahiz iduzkirik ez den, nahiz turistarik ez den hari so egiteko.

Baiona - Génie zubia

 

 

Baiona - Kalostrapea (XIV. mendea)

 

 

Urruña - Pilota plaza

 

 

Donibane Lohizune - kaia, eliza, Luis XIV etxea

 

 

Kanbo - Eliza

 

 

Euskal etxe bat Behereko Kanbon

 

 

Euskal etxe bat Haursainan

 

 

Donibane Garazi - Errobi eta eliza

 

 

Ainhoa – Ezkil dorrea eta hilerria

 

 

Negua

 

Dokumentu numerikoa

Numerizatutako dokumentua Bilketan aurki dezakezu: http://gordailu.bilketa.eus/zoom.php?q=id:523272

 

Bibliografia

  • Esquisses basques, René Nadaud, Ed. Chantecler, 1920
  • Au jardin d’Arnaga, gravures sur bois d’Ed Baugé, Ed. Chantecler, 1920
  • Eskual Herria, gravures sur bois d’Ed Baugé, Ed. Chantecler, [1920]
  • La cité de Carcassonne, 7 gravures sur bois d’Ed Baugé, Ed. Chantecler, 1921

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Gure hautaketa