« Berrogeita bost urte beranduago joan nintzen ni museo berera. Koadro baten berri jakin nahi nuen, eta hartara. Aurelio Arteta margolariaren koadro baten aztarnaren atzetik nenbilen, erdi ezabatuta dagoen pista bati jarraituko banio bezala, oso modu intuitiboan. Barruko ahots batek esan zidan koadro hori garrantzitsua zela, ezinbesteko pieza izango zela idazten ari nitzen nobelan. »
![]() |
Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970) euskal filologia ikasi zuen Gasteizen eta graduondoko literatura ikasketak jarraitu zituen Trenton (Italia). Olerkigintzarendako zaletasuna nerabe zelarik piztu zitzaion eta garai hartan, bere lehen neurtitzen konposatzen hasi zen. Musika-taldeendako hitzak eta komiki-gidoiak idatzi zituen ondotik. 1996an, intsumiso izateagatik kartzelan zegoelarik bere lehen literatur saria lortu zuen Xabier Lizardiren poetikari buruzko saiakerarentzat, Lizardi eta erotismoa (Alberdania), Jon Elordirekin elkarlanean idatzia. 2000 urtetik aurrera, Sautrela literaturari buruzko telebista-saioan lan egin zuen gidoilari gisa. Uribe idazle emankorra da eta bere obra anitza: eleberriak idatzi ditu, bai helduentzat bai gazteentzat, musika eta literatura uztartzen dituzten hainbat proiektutan ere eskua sartu du. Bere hari gidaria den poesiari beti segituz. Gaur egun, azken belaunaldiko euskal idazleen artean onenetako bat da eta bere ospea munduan gaindi zabaltzen ari da (Irakur Kirmen Uribe 2015eko liburu hoberenetan… Japonian artikulua).
Bilbao-New York-Bilbao, 2008
Bilbao-New York-Bilbao Uribek plazaratu duen lehen eleberria da. 2008an, euskarazko eleberria agertu bezain laster, oihartzun handia ukan zuen. Kritika Saria eta Espainiako Narratiba Sari Nazionala lortu zituen. Bernardo Atxaga eta Unai Elorriagaren ondotik, Espainiako literatura saria jaso duen euskal idazle bakarretako bat da Uribe. 2010an, gaztelerazko, galizierazko eta katalanezko itzulpenak plazaratu ziren, eta 2012an frantsesez agertzeko premia ukan zuen Gallimard argitaletxe garrantzitsuaren baitan.
Bilbo-New York-Bilbao eleberria Kirmen Uribe narratzaileak Bilboko aireportutik John Fitzgerald Kennedy aireportura hartzen duen hegaldi hipotetiko batean kokatzen da. Hegaldian, idazleak bere nobela xedea hausnartzen du, familia batetako hiru belaunaldiei buruzko kontakizun bat. Ez da ekintza edo intriga eleberri klasikoa. Sare baten gisara egituratua da: kontalariaren gogoetak, familiako oroitzapenak segitzen ditugu, sareko korapiloetan hiru belaunaldien istorioak gurutzatuz, XIX. mendean hasi eta XXI. menderaino doan epopeia txiki baten moduan; batetik besterako lokarri, Aurelio Artetaren koadro bat, eta haren inguruko gorabeherak.
![]() |
Erromerian. Aurelio Artetaren horma-margoaren zati bat. |
Entzun Kirmen Uribe, Bilbao-New York-Bilbao eleberriaren hastapena irakurtzen