1/ Gauza triste bat publikatzeko kantatzerat naiz abian;
horra zer berri zabaldu zaukun berriki Euskal-herrian:
laguntza faltak berekin duen pairamenaren erdian,
hiru gizonek beren bizia galdu duiela mendian.

2/ Etziren gure arrazakoak mendian galdu direnak,
Jainko Jaunaren bixtan ordea anaiak girade denak;
kolorez beltzak izana gatik, heiek ere ama banak,
bertzek bezala sofriturikan, mundu huntarat emanak.

3/ Afrikatikan hunat zatozin, eginik bide luzea;
ezin jasana zuketen nunbait herriko ezin bertzea;
beren bizia hobetu nahiz, gosez ta hotzez hiltzea;
bas'ihiziek gorenaz dute holako heriotzea!

4/ Diru zuteno laguntzaileak bazituzten ene ustez,
bainan zonbaiten karitatea egiten da diru hutsez;
hartarik kanpo axola guti bertzen arima gorputzez;
gauza horrek nau orroit arazten Judasez eta Jesusez.

5/ Ezin bertzea berekin dauka betitik herri pobreak,
hango jendea tirriatzen du bizi modu bai hobeak;
haren ondotik zabiltzalarik, hil dira dohakabeak ...
Ai! Ezpeleta'n aurten nolako primaderako loreak!

 

Xalbador - Photo : eke.eus

Fernando Aire "Xalbador" (Urepele 1920-1946) euskal berstolari handienetarik izan da. Olerkari liriko edo serios, malenkoniatsu edo engaiatua, herriko bestetako animatzaile edo txapelketetako lehiakide, Urepeleko artzaina laudatua edo gorrotatua zen Euskal Herri osoan, nehor hunkitu gabe utziz. “Txistuak jo dituzute bainan maite zaituztet orainik.” erantzun zien 1967ko txapelketako finalean oihukatu zutenei.

Bere bertso anitzek, izan bat-batekoak ala idatziak, bizirauten dute eta euskarazko testu ederrenen antologietan sartuak dira. "Mendian galdu direneri" 1973an idatzi zuen, Ezpeletako mendietan gaindi axolarik gabeko mugalari batzuek abandonatutako hiru imigrante klandestinoen gorputzak aurkitu zirelarik.

Xalbadorren estilo zuzen eta zehatzaren lagin ona, baita haren alderdi engaiatu, humanista eta giristinoaren adierazgarri, testu honek Xenpelar saria (bertso-papera lehiaketa) irabazi zuen 1974an. Olerkariak sartu zuen Odolaren Mintzoa (Auspoa, 1976), bere heriotz egunean berean argitaratua izan zen bilduma famatuan.

Testu osoa, bildumarentzat autoreak idatzi sar-hitzarekin:

Mendian galdu direneri

Ezpeleta'ko mendietan hatzeman zituzten Frantziarat lanketa zatozin hiru gizon beltzen gorputzak; hotzak eta goseak hilak zituela ezagutua izan zen.

Gertakari horrek gogoetak egin arazi zauzkitan eta pertsuak ezarri nituen hortaz.

Nik, muga bazterrekoa izanik, nor nahik bezain ongi badakit mendiko berri. Gau osoak iragan ditut askotan horietan gaindi. Tokia ezagutzen duenak ere izaiten du hor lanik aski gauaz, aro txarrarekin batez ere.

Ez dut egundaino hauteman gaixtaginik ibili dela gauaz mendian. Gu iduri, behartsu batzu dira beti hor dabiltzanak. Hala ziren Ezpeleta'ko mendietan hilak hatzeman zituzten dohakabeak ere.

Beren ustez hartua zuketen, etxetik ateratzean, gogo zuten lekuraino heltzeko dirurik aski; bainan norbaitek bildu zioketen dena mendiari lotu baino lehen, eta han utziko zituzten, haur sortu berri bat gauazko sedenean, norbaitek bilduko duelako menturan, nork edo nork utzi ohi duen bezala.

Horren egitea edo norbaiten jo buruan eta botatzea dituenen ekentzeko, berdintsu zaut eni.

Eta zer erran gure agintarietaz? Frantzian aski barna sartuz geroz, haizu ziren arrotz horiek egoiterat. Zendako ez bada utz mugan ere pasatzerat eragozpenik gabe?

Bada zonbait holako bitxikeria munduan, nik injustizia deitzen ditutanak. Bainan ixo! Ez ditzagun iratzar lo goxoan daudenak!

Horra direlako pertsuak; hor agertzen ditut ene sendimenduak hobeki.

 

1/ Gauza triste bat publikatzeko kantatzerat naiz abian;
horra zer berri zabaldu zaukun berriki Euskal-herrian:
laguntza faltak berekin duen pairamenaren erdian,
hiru gizonek beren bizia galdu duiela mendian.

2/ Etziren gure arrazakoak mendian galdu direnak,
Jainko Jaunaren bixtan ordea anaiak girade denak;
kolorez beltzak izana gatik, heiek ere ama banak,
bertzek bezala sofriturikan, mundu huntarat emanak.

3/ Afrikatikan hunat zatozin, eginik bide luzea;
ezin jasana zuketen nunbait herriko ezin bertzea;
beren bizia hobetu nahiz, gosez ta hotzez hiltzea;
bas'ihiziek gorenaz dute holako heriotzea!

4/ Diru zuteno laguntzaileak bazituzten ene ustez,
bainan zonbaiten karitatea egiten da diru hutsez;
hartarik kanpo axola guti bertzen arima gorputzez;
gauza horrek nau orroit arazten Judasez eta Jesusez.

5/ Ezin bertzea berekin dauka betitik herri pobreak,
hango jendea tirriatzen du bizi modu bai hobeak;
haren ondotik zabiltzalarik, hil dira dohakabeak ...
Ai! Ezpeleta'n aurten nolako primaderako loreak!

6/ Bas'ihiziak gerizatzeko badute lege bipilik;
heietan zonbait ihiztatzeko ez du gizonak pegilik;
eta jendeak norbaiten faltaz mendian goseak hilik ...
Lege horien sustatzaileak gelditu dira ixilik.

7/ Boteretsuak ilargiraino igan zauzkigun orduan,
nehoiz bezanbat injustizia ikusten dugu munduan:
batzu dirutan emokatuak, gako guziak eskuan,
eta bertzeak ogia galdez, biziaren irriskuan.

8/ Dirua deno gure nagusi, ikusiren da holako:
aberatsentzat atekak zabal, hertsi pobrearendako;
iduritzen zaut, gizona bada erreprotxurik gabeko,
bidea libro behar lukela nahi lekurat joaiteko.

9/ Arrotz horiek horrela hiltzen ikusiz gure artean,
nolaz eduki ginezake guk kontzientzia bakean?
Orroit gaitezen, atsalde batez, Galbarioko gainean,
gu guzientzat hil izan zela Jesus kurutze batean.

10/ Jesus maitea, otoitzez nago kurutzearen oinetan,
ixuri duzun odol saindua ez dadila debaldetan;
gure lurrean hil zure haurrak harzkitzu, otoi, besotan,
arraza berex eta mugarik ez den erresuma hortan!

 

Ikus testu hau Euskal Kultur Erakundearen "Bertsu aipagarriak" bilduman.

 

Xalbadorren argitalpenak:

- Odolaren Mintzoa, Auspoa, 1976

- Ezin bertzean, Auspoa, 1969

- Herria gogoan, Auspoa, 1981

Xalbadori buruzko argitalpen zonbait:

- Xalbador pertsularia, Joxe Mari Aranalde Olaondo, Sendoa, 1996

- Mattin eta Xalbador, Antonio Zavala, Auspoa,2006

- Xalbador, Mixel Itzaina, Elkar, 2014

Dokumentu audiobisualak:

- Xalbador, Xabier Lete-rn diska , Elkar, 2001

- Xalbador kantatuz, Kantaldi omenaldiaren bideoa, Aldudarrak bideo, 2001

Pastorala :

- Xalbador pastorala Roger Idiartek idatzia, Larrainen emana 1991ko agorrilaren 15 eta 25an.

 

Xalbadorren biografia eta bertso-sortak Xenpelar bertsolaritzaren datu-basean :

http://bdb.bertsozale.eus/web/haitzondo/view/94-fernando-aire-xalbador

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu

Testu hautatu guztiak

Testu hautatuak