Euskal ondarearen erradiografia parte hartzailea Wikipedian

Aurten ere irailean, Wikipedia entziklopedia libre eta parte hartzaileak WikiLovesMonuments argazkilaritza lehiaketa antolatzen du. Herrialde ezberdinetako parte hartzaileek bereaien eskualdeko ondare eraikia argazkitan hartzea da helburua, inbentario ahal bezain osoa egiteko xedearekin. Egitasmoa 2010n abiatu zen Herbereetan, geroztik mundu guzira hedatu da laster eta gaur egun kasik  200 000 argazki biltzen ditu urtero.

Euskal Wikilarien Kultura Elkartea (EWKE) 2017n lehiaketari lotu zen lehen aldiz baina laster ohartu zen Euskal Herrian kokatu monumentu ohargarri arras guti agertzen zirela Wikipedian : 217 Ipar Euskal Herrian eta 433 Hego Euskal Herrian, hots soilik 650 lurralde osoan. Hutsune horren betetzeko, monumentuak zerrandatzen dituzten datu-base ezberdinak berreskuratzeko urratsak egin dituzte euskal Wikilariek. Iparraldeari begira, nahiko erraza izan da, Mérimée (Monumentu historikoak) et Palissy (Ondare higigarria) datu-base eguneratuen argibideak jaso baitituzte. Hegoaldeari begira, zerrendatzea zailagoa izan da Espainiako Kultura Ministerioak ematen duen Bien de Interés Cultural (BIC) bermea azkenekoz 1985an egin inbentarioan gelditzen baita. Argibide gehigarriak iturri ezberdinetatik hartu behar izan ditu beraz EWKE-k: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Udalak, Hilarriak taldea (Nafarroako Monumentu Megalitikoak). Halaber, UNESCO erakundeak Donejakue Bidean kokatu eraikin azpimarragarrien zerrenda ere berreskuratu du.

Ondorioz 10 000 gune ohargarri txertatu dituzte Euskal Herriko mapari. Gune gehienentzat momentuko oinarrizko argibideak baizik ez dira zehaztuak, hots izenak eta koordenatu geografikoak. Fitxa horien osatzeko, WikiLovesMonuments lehiaketaren haritik, edonork parte har dezake identifikatutako guneak argazkitan hartuz eta Wikimedia Commons (ikus-entzunezko liburutegi numeriko  librea) gunera igoz. Euskal Herriko monumentuen argazki bilduma osoa eta librea elikatzen laguntzen ahal duzu zuk ere, hemengo ondarearen begiratzeko eta jendarteratzeko. Xehetasun gehiagoren ukaiteko Wikiproiektu:Ondarea orria bisita dezakezu. Argazki lehiaketan parte hartzeko iraila bukaera da azken epea.

 

Ikus Wikimedia.eus gunean