BILKETA : ZER DA ?

Baionako hiriak sorturik, Frantzian zerrendatuak diren euskal funtsetarako sarbidea da BILKETA ataria. Euskal Herriaz edota euskaraz idatziak diren liburu, aldizkari, eskuizkribu, artxibo, ikonografia eta ikus-entzunezko edozein dokumentuk osatzen dituzte euskal funtsak.
Hainbat herriko liburutegi eta mediateka, unibertsitate-liburutegi, dokumentazio zentro eta  funts pribatutako bildumetan (zerrenda) bilaketa egin daiteke atariari esker.
BILKETAk liburutegi numerikoa badu, funts hauen aberastasunaren erakusleiho gisa, publikoari Euskal Herriko ondare idatzia eta ikonografikoa ezagutarazi nahi diona.

Bilketa, Ipar Euskal Herriko dokumentuen funtsa biziarazteko eta sarean ezartzeko nahikeriarekin sortu zen, 2005ean Garapen Kontseiluak existitzen zena ezagutzeko bideratu zuen ikerketa baten ondotik, eta lekuko ondare hau zaintzeko eta partekatzeko borondateari erantzuteko estrategia bat ezartzeko. Egitasmo hau Ipar Euskal Herria 2007-2013 lurralde Kontratuan bildua da, Hautetsien Kontseiluaren eta Garapen Kontseiluaren eskariz, eta Estatuaren, Akitaniako Eskualdearen, Pirinio Atlantikoetako departamenduaren laguntzarekin eta Baionako herriaren mobilizazioarekin, honek eramaten baitu ekintza horren gidaritza bere mediatekaren  bidez.
Dispositiboa ondoko Lurralde kontratu barnean jarraikiarazteko xedea bada ere, egungo egunean, Euskal Kultur Erakundea eta Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin, Estatua-DRAC, Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Euskal kulturaren aldeko herriarteko Sindikata eta Baionako Hiria lotzen dituen «Territoire Lecture» izeneko hitzarmenaren baitan kudeatua da.

Frantziako Liburutegi Nagusia (BnF) Baionako hiriarekin izenpetutako «pôle associé» deitu hitzarmena eta lankidetzaren bitartez proiektuari lotua da, euskal funtsen katalogatzea eta digitalizatzea bereziki sostengatuz.

BILKETAren barne diren liburutegiak sarean antolatuak eta hitzarmen bidez lotuak dira. Egin-molde eta tresna profesionalak partekatzen dituzte, eta beren euskal funtsen hainbat baliostatze eta zabaltze ekintza partzuergoan eramaten.

Aurkituak eta sailkatuak diren funtsen eremua ahal bezainbat zabaltzea eta gure mugetarik kanpo kausitu beste biltegiekin zubiak eraikitzea du xede BILKETA egitasmoak.
Dokumentazio horren joritasuna eta barreiatzea, obren edo pertsonen zirkulazio historikoarekin batean,  ezin ukatuzko kultur eta hizkuntz aberastasunaren lekukoa da, Euskal Herria bezalako lurraldearentzat zinez ohargarria.

Bilaketa

Dokumentu bat bilatu

Artikulu bat bilatu