“Feillet ahizpak : Euskal Herria irudietan 1837-1864” erakusketa birtual berria Bilketa webgunean.

 

Blanche eta Hélène Feillet XIX. mendeko margolari eta litografoek Euskal Herriaren itxurapena handizki emendatu zuen obra sortu dute, argazkigintza aitzineko grabaduraren urrezko aroa zen garai berezi hortan.

Euskal Herria aipatu zuten lehen bidaia gidaliburuetan eskua sarturik, bi ahizpek paisaiak, hiriak, baserrialdeak eta herritarrak erakusten dituzten irudi andanak marraztu dituzte. Obra horiek, erakunde publikoetan (Baionako euskal erakustokia, Baionako mediateka) baita bilduma pribatuetan ere gordeak, digitalizatuak izan dira, eta erakusketa numeriko batean bilduak, Bilketaren  eskutik.

feillet.bilketa.eus webgunean ikusgai izanen den erakusketa birtual hau berriki artista hauek publikoari (ber)ezagutarazteko egin diren ekintzen segida da. Hala nola, Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Zumalakarregi museoan 2015an izan zen "Hélène eta Blanche FEILLET emakume margolari aintzindariak XIX. mendeko Euskal Herrian" erakusketa. Horrezgain, 2015eko azarotik 2016eko urtarrila arte Baionako euskal erakustokiak Feillet ahizpen obraren aurpegi berritua eskaini zuen, Euskal Herriko bi lehen emazte margolariak goraipatuz.

Erakusketan agertzen diren 250 bat obrek 1837 eta 1864 arteko Euskal Herria itxuratzen duen albuma osatzen dute. Tokiak, paisaian kokatutako herri eta hiriak begiestera ematen ditu, baita eraikin deigarriak, itsasbazterrak, xehetasunez beteriko marrazkiak irudipen erromantikoarekin uztartuz. Genero lanak ere badira, biztanleak beren ohizko janzki eta egon-moldeetan agertzen dituztenak.

Feillet ahizpen margolanak parte handiz baliatu dira XIX. mendean biderkatzen diren turismo gidaliburuak ilustratzeko, eskualdeak bidaiari gero ta gehiago erakartzen duelarik, eta bereziki burgesia aberats bat, Biarritze eta inguruak opor toki arrakastatsu bezala bereganatzen ari duena.

1851ean Charles Hennebuttek (Blanche Feillet-ren senarra) argitaratu zuen « Guide du voyageur » liburuko zati anitz irakurgai dira erakusketan ; bidaia bat segitzen ahal da horrela Baionatik Donostiara, Kanbotik barna “urak” hartuz, deskribapen koloretsuetaz gozatuz.

Haratago, Hélène eta Blanche Feillet ahizpen margolanek nabarmen uzten dituzte ingurumenaren aldaketak, hedatuz doan eraikuntzaren lekua, batez ere kostaldean. Betiko irudiak finkatzen dira ere, euskalduna, laborari bikotea, sardina saltzailearen itxura, tipikoak bilakatuko direnak, beren osagarri enblematikoekin : makila, boneta, kakoleta…

Erakusketa elebiduna da euskaraz-frantsesez, eta margolanak bilduma formatu numerikoan, bereizmen handian ikusteko paradaz gain, artistak, teknikak, testuinguru historiko eta artistikoaz argibide eta azalpenak eskaintzen ditu.

Erakusketaren estrainaldia

Erakusketaren estrainaldia irailaren 19an Baionako mediatekan 18:15etan iraganen da, ekainetik irailera grabaduraren inguruan mediatekak antolatzen duen ekitaldiarekin eta Ondarearen Egunekin loturan.

Erakusketa aurkeztuko da ; ondotik Yves Carlier, Versailles-eko kontserbadore eta "Le Pays basque avant la photographie - l'âge d'or de la gravure 1810-1870)" liburuaren idazleak mintzaldia emanen du.

Irudi batzuk

Paisaiak


  • Blanche Hennebutte-Feillet, Bayonne. Place du théâtre, [ca 1850], litografia, Baionako mediateka

  • Blanche Hennebutte-Feillet, Biarritz : vue du port vieux et des deux établissements des Bains chauds et des Bains froids, [circa 1850], litografia, Baionako mediateka. de Bayonne.

  • Blanche Hennebutte-Feillet, Biarritz, vue de la Côte des Fous, des Bains Napoléon, de la Villa et du Phare, litografia, Baionako euskal erakustokia

  • Blanche Hennebutte-Feillet, Place de Saint Jean-de-Luz, [circa 1850], litografia, Baionako mediateka.

  • Blanche Hennebutte-Feillet, Port de Passages, litografia, Baionako euskal erakustokia

  • Hélène Feillet, [Cambo], [circa 1850], akuarela, Baionako mediateka.e.

Eszenak


  • Blanche Hennebutte-Feillet, Azcoitia et ses environs, [1850], litografia, Baionako mediateka

  • Hélène Feillet, Pêcheuses de Saint Jean de Luz, XIX.eko 2. Laurdena, litografia, Baionako euskal erakustokia

  • Blanche Hennebutte-Feillet, Un basque, XIX.eko 2. Laurdena, akuarela, Baionako euskal erakustokia